Idoia ERASO
Interview
Nicolas Azalbert
Biarritz Festibaleko programazio zuzendaria

«Zinema latinoamerikarraren dinamismoa erakustea interesatzen zaigu»

Astelehenarekin abiatu da Latinoamerikako Zinema eta Kulturei buruzko Biarritz Festibalaren 29. edizioa. Igandera bitarte, covidak ezarritako mugak izanik ere, jaialdiaren ezaugarri diren ekimen kultural eta zinema emanaldi guztiak egin ahal izanen dira. Programazio zuzendari berria den Nicolas Azalbertek Atlantikoaren bestaldeko zinemagintzaren esperimentaziorako joera berritzailea nabarmendu du.

Nicolas Azalbert Biarritz Festibaleko programazio arduraduna. (Laura MAZO ARBOLEDA)
Nicolas Azalbert Biarritz Festibaleko programazio arduraduna. (Laura MAZO ARBOLEDA)

Biarritz Jaialdiko antolatzaileak pozik agertu dira, pandemiari loturiko egoera berezi honetan ere hitzorduaren xarma atxiki ahal izan dutelako, eta jendearen erantzuna positiboa izaten ari delako. Zinema aretoetan, ikusleentzako toki kopurua txikitu da, eta horri egokitzeko salgai jarri diren abonamenduak bostehunetik gorakoa soilik izan badira ere, denak saldu egin dira. Biarritzera bertaratu ahal izan diren artisten kopuruak %30 egin du behera osasun mugen ondorioz.

Egoera berezi honetan hartu du programatzaile ardura Nicolas Azalbertek, Lucile de Calanen segida hartuz, urteetan fikzioen sekzioko programatzaile taldean egon ostean. Jatorriz Okzitaniako Tolosa ingurukoa, 2000. hamarkadan Latinoamerikarekin maitemindu zen, Argentinan sei urtez bizitzen egon zen, eta oraindik ere hilabeteak pasatzen ditu bertan urtero. Bertako filmagintza ikertu du, eta filmak ere egin ditu Argentinan, maite duen inguru horretako zinemagintza ezagutzera emateko aukera izateagatik pozik agertu da.

Zeintzuk izan dira filmak hautatzean kontuan hartu dituzun parametroak? Ekarpen berezirik egin nahi al izan duzu Lucile de Calanek egiten zuenarekin konparatuta?
Lucilekin eta Antoine Sebire zuzendariarekin begirada amankomun orokorra geneukan, gustu aski antzekoa dugu, eta ikuspegi komuna daukagu jaialdian programatu behar diren filmei dagokionez.
     Aurten, errealitate sozial edo politikoak baino, zinema latinoamerikarraren dinamismoa erakustea interesatzen zaigu, bilaketa berezi baten ikuspegitik. Zinemagile askok esperimentazioaren bidean daude, zinema egiteko moduak bilatzen dituzte lan zinematografikoaren formari dagokionez.
     Batez ere saihestu nahi dugu, europarrek Latinoamerikari buruz daukaten postal irudia, non bortizkeria, miseria, gauza exotiko edo bitxiak agertzen diren. Uste dut Latinoamerika laborategi bat dela, maila artistiko, politiko eta ekonomikoan. Orain bertan gertatzen dena, Europan gertatzen ari da edo gertatuko da, hori dela eta uste dut kontinente hori ez dela zerbait urruna eta exotiko edo folkloriko bat bezala begiratu behar, bertan gertatzen denari buruz ulertu eta ikasi behar dugu.

Aurtengo programazioan maila horretan erakusle izan daitezken zein filme aipatuko zenituzke?
Fikzioari buruz, alde oso ludiko bat dago, zinemagileek formari dagozkion bilaketak proposatzen dituzte. Julio Hernandez Cordonen ‘Se escuchan aullidos’-en inprobisazio handia dago, aste batean filmatu zen oso diru gutxirekin. Espazioaren inguruan esperientziak egiten ditu Alex Pipernorek ‘Chico ventana’-n, eta Juan Monaco Cagniren ‘Ofrenda’-n denborari buruzko esperimentazioa egiten da. Leonardo Medelen ‘La Veronica’ filma txiletarrak plano-sekuentzia finkoak egiten ditu aktoresa baten aurpegiarekin, era oso erradikala da, baina pasionagarria, eta filma oso dibertigarria da.
     Aurten, filmetan jolasten dela iruditzen zait, formari dagozkion bilaketak egiten dira, baina ez dira elitistak, ulertzeko zailak, baina oso dibertigarriak, eta zinemagileek filma egiten hartzen duen plazera, ikusleek ere sentitzen dute.

Eta dokumentalei dagokionez?
Dokumentalak beti saiatzen dira ulertzen mundua nolakoa den, eta nola ibiltzen den. Uste dut azken urteotan, nabari da zinemagileek behar dutela bere burua integratu jarraikortasun historiko baten baitan. Iragana behar dute egungo errealitatea ulertzeko, hedabideetan eta sare sozialetan, egiten ez den lana da, eta aurten proposatzen ditugun lanetan ikusten da, artxiboko irudiei esker, iraganera joan eta egungo gertakizunak nondik datozen ulertzen saiatzen direla.

Aurtengo atal berezia ‘Latinos in the USA’ da, AEBetan bizi diren latinoamerikarrei buruz. Zergatik deliberatu zenuten gai hori hautatzea? Eta zein aukeraketa egin duzue?
Aspaldi egin nahi genuen jaialdiko fokua Estatu Batuak eta Latinoamerikaren arteko loturei buruz, eta Donald Trumpen migrazio politika eta azaroan egingo diren hauteskunde presidentzialak direla eta, erabaki genuen momentu egokia zela gai hau hautatzeko. Modu anitz daude gai honi buruz hitz egiteko, eta ez genuen harresiari buruz, edo migrante klandestinoei buruz hitz egin nahi, komunitate latinoamerikarra nola integratzen den baizik, jendea nola bizi den han.

Gaiaren inguruko proposamen oso ezberdinak daude bertan.
Gai ezberdinak daude, baina gutxi gora behera bi nabarmentzen dira. Lehena, han bizi diren latinoamerikarrek egoera aski eskizofrenikoa bizi dutenaren ingurukoa da, herrialde batean daude, eta jatorri duten beste batengan pentsatzen dute.
     Bestalde, ikus daiteke zenbait kasutan, bidaiak baimentzen duela norberaren eraikuntza berri bat, beraien jatorrizko herrian ezin zena onartu, eta Estatu Batuetan era askoz askeagoan bizi daitezkeena. Hori agerian gelditzen da ‘El viaje de Monalisa’ filme txiletarrean, non pertsonaia trans batek arazo handiak zeuzkan Santiagon, eta New Yorken bere sexualitatea guztiz onartu dezakeena.

Covidak presentziak zein eragin izan du, eta izango du jaialdian?
Oso zaila izan da, aurreko urteetan baino askoz filma gutxiago jaso ditugulako, asko ezin izan ziren bukatu. Baita ere, garraioari dagokionez, gonbidatu asko ezin izan dira etorri jaialdian parte hartzeko, hala ere batzuk etorri dira, nahiz eta %30 inguru gutxiago diren.

Okzitaniako Tolosa ingurukoa izanik, nola interesatu zen Latinoamerikako zinemarekin?
Kasualitate hutsa izan zen, 2000. hamarkadan Cahiers du cinema aldizkarirako idazten nuen, eta  2002an Argentinara bidali ninduten Mar de Platako zinema festibala kubritzera, eta ailegatu nintzelarik, etxean bezala sentitu nintzen, eta han bizitzen gelditu nintzen sei urtez. Aldizkarirako lanean Latinoamerikako beste herrialde batzuetara joan nintzen, eta Bolivia, Uruguai, Txileko, Kolonbiako… zinemekin maitemindu nintzen.