NAIZ

Miren Agur Meabe idazleak Bruselako Transpoesie jaialdian hartuko du parte

Miren Agur Meabe Bruselako Transpoesie jaialdian izango da. Zoom bidezko poema irakurraldi batean izango da asteazken honetan. Horrez gain, bere euskarazko poema bat Bruselako metroaren barnealdean erakutsiko da, frantsesera eta nederlanderara itzulita.

Miren Agur Meabe. (NAIZ)
Miren Agur Meabe. (NAIZ)

Transpoesie jaialdiak 10. urteurrena du aurten. Hizkuntzen Europako Egunaren (irailak 26) inguruan antolatzen den hitzordu honetan Europa osoko idazleen lanak erakutsiko dira euren jatorrizko hizkuntzetan; euskara ere tarteko, Miren Agur Meabe idazlearen poemen bitartez. Halaber, poesia irakurraldiak, hitzaldiak eta mahai inguruak ere izango dira bertan hainbat astez.

EUNIC erakundeak (European Union National Institutes for Culture, edo Europar Batasuneko Kultur Institutu Nazionalak) hamar urte daramatza Transpoesie jaialdiarekin, poesiaren bidez, udazkenero Europako hizkuntza aniztasuna aldarrikatu eta ospatzen. Urtero bezala, aniztasun horren erakustaldirik nabarmenena Belgikako hiriburuko metroan egingo da: irailaren 15etik, hainbat poeta europarren hitzak garraio publikoaren barnealdean daude ikusgai, bakoitzaren jatorrizko hizkuntzan ez ezik, frantsesera eta nederlanderara ere itzulita.

Etxepare Euskal Institutuak EUNICen duen partaidetzari esker, aurten ere euskal poesiak presentzia izango du, bai Bruselako metroan, baita jaialdiaren ekintzen egitarauan ere. Miren Agur Meaberen ‘Hirian ibiltzeko jarraibideak’ poemaren lehen lerroak argitaratu dituzte belgiar hiriburuko garraio publikoan. Horrez gain, autoreak ere Zoom bidezko poesia irakurraldi batean hartuko du parte irailaren 30ean. 2020an zehar ohiko gertakaria bihurtu den bezala, jaialdi honetan ere ekintza guztiek online bidezko aukera izango dute; nahiz eta horietatik batzuk zuzenean ere eskainiko diren. Egoera horrek eraginda, eta umorerik galdu gabe, aurtengo edizioari Let’s go vir(tu)al! izena jarri diote.

Bidaia transzendentalak

Transcendental Journeys; hala deituko da bihar Zoom bidez egingo den web-mintegi (webinar) formatuko poesia irakurraldia. Bruselako Maison du Livre espazioaren laguntzaz antolatutako ekintza hau Transpoesieren sare sozialen profiletan (Facebook eta Instagram) eskainiko da, arratsaldeko 20.00etan. Bruselako Institutu Hungariarraren egoitzan ere eskainiko da pantaila bidez; azken honetarako, erreserba egitea ezinbestekoa da.

Miren Agur Meaberen presentziaz gain, beste bost autore izango dira bertan: Jaromír Typlt txekiarra, Adrian Perera finlandiarra, Lia Sturua georgiarra, Stephen Sexton ipar-irlandarra eta Josep Pedrals kataluniarra. Euren ahotsek «arimaren bidaia transzendentala egitera» gonbidatuko dute ikus-entzulegoa; eta «denbora-tarte txikien bidez, hiriaren eta landaren artean mugitzen diren pasarteak» kontatuko dituzte. Poeta bakoitzak bere jatorrizko hizkuntzan irakurriko ditu bere lanak, eta ingeleserako bat-bateko itzulpena eskuragarri egongo da. Kriticos Mwansa idazle eta musikari belgiarrak izango du egitasmoa bideratzeko ardura.