NAIZ

Sindikatuek Oñatin lan-istripuan hildako irakaslearen heriotza salatu dute Donostian

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuetako dozenaka kidek protesta egin dute astearte honetan Lakuako Gobernuaren Donostiako egoitzaren aurrean, Ana Atxotegi irakaslea Oñatira lanera zihoala ostiralean izandako trafiko istripua salatzeko.

Sindikatuek Donostiak egindako elkarretaratzea Oñatiko irakaslearen heriotza salatzeko.(@STEILAS_)
Sindikatuek Donostiak egindako elkarretaratzea Oñatiko irakaslearen heriotza salatzeko.(@STEILAS_)

Ezbeharra aurreko ostiralean gertatu zen, goizeko zortziak aldera, GI-2630 errepidean, Oñatin, non Opel Corsa auto batek eta Volvo kamioi batek talka egin zuten.

Istripuaren ondorioz, Opeleko gidaria, Ana Atxotegi, Oñatiko Zuazola-Larraña institutuan lan egiten zuen irakaslea, berehala hil zen, eta ibilgailu astuneko gidaria zauritu eta Arrasateko Ospitalera eraman zuten.

Elkarretaratzea eguerdian egin dute Lakuako Gobernuak eta Hezkuntza Sailak Donostian duten egoitzaren aurrean, eta sindikatuetako ordezkariak ordu erdiz isilik egon dira, «Istripu gehiagorik ez. Prekarietatea hiltzailea» zihoen pankarta batekin.

Nagore Iturrioz Gipuzkoako Steilas sindikatuko arduradunak adierazi duenez, «heriotza hau ez da istripu hutsa», izan ere, «Hezkuntzako langile askok arriskuan jartzen dute egunero beren bizitza errepidean, lantokira iritsi ahal izateko».

Hildakoaren familiari eta «hezkuntza komunitate» osoari «babesa eta elkartasuna» adierazi ostean, Iturriozek Hezkuntza Sailari eskatu dio, «gehiengo sindikalaren» izenean, «arazoaz jabetzeko eta konponbidea bilatzeko».

Azaldu duenez, ostiralean «in itinere» lan-istripu batean bizia galdu zuen irakaslea Oñatiko institutura joaten zen egunero, bidean dozenaka kilometro eginez.