NAIZ

‘Todo por la patria’, tortura masiboaren salaketa telesailaren izenburua baliatuz

‘5657 torturatu; egia, aitortza, erreparazioa. Todo por la patria’. Hauxe adierazten dute Donostiako autobus geltokietan asteburuan agerturiko kartelek, ‘Patria’ telesailaren iragarkien gainean jarrita eta azken hitz hau baliatuz.

Donostiako autobus geltokietan agertu da salaketa. (@ErnaiGazte)
Donostiako autobus geltokietan agertu da salaketa. (@ErnaiGazte)

Zeresan handia ematen ari da ‘Patria’ telesaila, Fernando Aramburu liburuan oinarritua eta bukatu berri den Zinemaldian pantailaratua. Eta aldarrikatzeko aukera ere bilakatu da; izan ere, asteburuan Donostiako autobus geltoki askotan jarritako kartelak estali dituzte, bakarrik izenburuaren hitza libre utziz eta esaldi hau osatuz: ‘Todo por la patria’, Guardia Zibilak erabiltzen duen leloa alegia.

Goian, jada 5.657 torturatu zenbatu direla Euskal Herrian gogoratzen du mezuak, hauentzako «egia, aitortza eta erreparazioa» eskatuz. Lakuako Gobernuak Paco Etxeberriaren taldeari enkargatu zion txostenak 4.113 kasuren berri eman zuen, EAEtik atera gabe, eta talde berak zein Euskal Memoria Fundazioak kopurua handiagoa dela frogatu dute gero, oraindik osatzen ari diren ikerketetan.

Ernaik eman du kanpaina honen berri, Euskal Herriaren historia ez duela telesail hauen faktoriak idatziko nabarmenduz:

 

Torturaren errealitatea ez du ukatzen telesailak, baina orain arte ikusi duen zenbaiten ustez izan duen larritasuna gutxitzen du eta tratu txar horiek jasan dituztenak beti ETAkideak izan direla adieraztera ematen du.

Kanpaina honen berri izan bezain laster, ‘Todo por la patria’ zioten kartel horiek kentzeari ekin dio Donostiako Udalak, ‘Patria’koak berrosatuz.