Arabako ardogintzan lan hitzarmenik gabe segitzen dutela salatu dute sindikatuek

Arabako ardogintzak sektoreko hitzarmenik sinatu gabe segitzen dutela salatu dute LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek. Mobilizazioa egin dute gaur Arabako Errioxan egoera salatzeko eta SEA patronalak ez duela negoziaziorako borondaterik nabarmendu dute.

NAIZ|30/09/2020
20200930_arabako_ardogintza_2
Arabako Errioxan ardogintzaren egoera salatzeko egin duten kotxe-karabana. (LAB)

Arabako Ardogintza sektoreko hitzarmenak sinatu gabe jarraitzen duela, 22 hilabeteko negoziazioen ostean, salatu dute LAB, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek. Gaur, langileen lan baldintza duinen defentsan mobilizatu dira. Kotxe-karabana egin dute Bastidatik hasi, eta Eskuernaga, Samaniego, Biasteri, Zieko, Lapuebla de Labarkatik pasa eta Oionen bukatuz.

Aurreko hitzarmena hiru urterako sinatu zen, 2016, 2017 eta 2018 eta %2, %2 eta %2,25eko soldata igoerak jasotzen zituen hurrenez hurren eta hala ere, hilean mila euro inguru kobratzen duten langileak daude. Hitzarmen berriaren negoziazioari dagokionez, 2018ko abenduan hasi zen eta 22 hilabete eta dozena bat bilera egin ostean, Arabako ardogintza sektoreko hitzarmenak sinatu gabe jarraitzen du.

Alarma egoeraren aurreko azken bileran, martxoaren 4an, nahikoa hurbildu ziren patronala eta sindikatuak, gai sozialen inguruko puntu pare bat adostea eta urteroko igoera portzentajeak zehaztea baino ez zen falta. Baina pandemia etorri zen eta negoziazioak geratu egin ziren.

Uztailaren 15ean egin zen orain arte egin den mahai negoziatzailearen azken bilera. Honakoa proposatu zuten sindikatuek bertan: ordura arte adostuta zeuden alderdi sozialak onartutzat eman eta 2019ko igoera sinatzea, irailean berriro batzartu eta 2020 eta 2021eko igoerak lotzeko konpromisoarekin. SEAk proposamena jaso eta uztailaren 29an bilerarako deia egin zuen, erantzun baten esperoan.

Bilerarik ez

Ez zen bilerarik egin. Bezperan, uztailaren 28an, SEAk negoziazio mahaia bertan behera utzi zuen azken bileran sindikatuek egin zuten proposamena onartezina zela gaineratuz eta irailean batzartzea proposatu zien, datarik zehaztu gabe. Gaur gaurkoz oraindik ez dituzte sindikatuak bilerara deitu.

«Ados gaude covid-ak ziurgabetasuna sortu duela, baina ez enpresariei soilik. Sektoreko langileek gehiegizkoak ziren ABEEEetara lotuta egon gara, eta gehienetan ez dira euren baldintzak hobetu. Hala ere, iraila iritsi eta upategi guztiak %100ean ari dira lanean, mahatsa koste prezioan erosiz, ardoaren salmenta prezioak gora egiten jarraitzen duten bitartean. Ez dugu ulertzen 2019ko soldata igoera lotzeari ezezkoa ematea. Iaz ez zen pandemiarik egon, ardoa saldu egin zen eta irabaziak enpresarien poltsikoetan daude. Mobilizazioak egitera behartzen gaituzte eta honek horrela jarraitzen badu, gogortu egingo ditugu. Lan baldintzak hobetzea posible da, eta ardogintza sektoreko hitzarmena berritzea upategien borondate faltaren arazoa baino ez da», nabarmendu dute sindikatuek.

RELATED NEWS