‘Bat edo Hiru’ disko «negutiarra» argitaratu du Amorantek

‘Bat edo Hiru’ disko «iluna» dela dio Amorantek, «sotila eta beltza», eta baduela neguan sortu izanaren atmosfera berezi hori. Musikalki haurtzarotik lagun duen tronpetak eta pianoak hartu dute nagusitasuna, eta hitzek heriotzaren misteriora garamatzate. Moldaketa bat ere egin du: Artzeren «Ama hil zaigu» bildu du diskoan.

Amalur ARTOLA|30/09/2020
Amorante
Iban Urizar ‘Amorante’k disko berria kaleratu du, ‘Bat edo Hiru’ (Marisol RAMIREZ I FOKU)

Ibilbide luzeko musikaria da Iban Urizar, besteen artean Cafe Teatro, Mengele Quartet eta Bizarra taldeetan ondua. Orain bost urte, miresten dituen bi artistaren abizenekin –Rodrigo Amarante brasildarra eta Enrique Morente flamenko kantaria– hitz-jokoa eginda osatu zuen bere bakarkako ibilbideari izena eta izana emango zion Amorante proiektua. Eta hitz-joko batekin dator, halaber, argitaratu duen disko berria: ‘Bat edo Hiru’ (Forbidden Colours).

Izan ere, multiinstrumentista elgoibartarrak ez du argitaratzeko presiorik sentitzen, Amorante zuzenekoaren indarrean oinarritutako proiektua dela berresten du. «Niri oholtzan egotea gustatzen zait, hori da mantendu nahi dudan jarduna eta abestiak grabatzearena etorriko da etortzen denean, etorri behar badu», azaldu digu. Momentuz, 2016an etorri zen lehen grabazioa, 5 piezako ‘Amorante’ laburra, eta hurrengo urtean argitaratu zituen ‘Manuela’ eta ‘Brughel zarra’ singleak. Hortik, ‘Bat edo Hiru’ lehen diskoa –iraupen luzeko biniloan argitaratzen duen lehena– eta aldi berean hirugarrena izatearena.

Zazpi kantu biltzen ditu lanak. Abesti negutarrak dira, introspekziora garamatzatenak. «Berez diskoak badu halako sen ilun bat, baita kontzeptualki ere, nahiz eta aurretik horrela programatua ez egon, heriotzak ere baduelako gai aldetik nahiko paper inportantea», azaldu digu. Azken hiru urteetan maite dituen zenbait bizikide galdu ditu Amorantek, tartean bere aita, eta horrek diskoan eragina izan duela uste du. «Estudiora kantu sorta batekin joan nintzen, jakin gabe zenbat eta zeintzuk sartuko ziren diskoan. Bilduma osatu nuenean konturatu nintzen heriotza presente zegoela kantu guztietan. Pertsonalki prozesu batzuk pasa ditut, eta gauza horiek beti irteten dira nonbaitetik», argudiatu du.

Etengabe bere burua berrasmatzen ari den artista da Amorante, eta instrumentazioaren aldetik ere bada aldaerarik disko berrian. Gehien ezagutzen duen instrumentuak, tronpetak –8 urterekin hasi zen jotzen–, leku berezia du diskoan. «Inoiz baino gehiago erabili dut eta horrek ematen dio kutsi ilun, sotil eta beltz hori; beltza, bere osotasunean», azaldu du. Pianoari eman dion protagonismoak ere ezustean harrapatu du Amorante: «Ez neukan aurreikusia, baina Aitorrek [Etxebarria] estudioan isats-pianoa dauka eta sonoritate aldetik ondo zetorrela pentsatu genuen. Nahiko klabea izan da diskoan», aitortu du. Oinarri horiei elektronika zantzu batzuk, teklatuak eta ahotsa (efektuekin eta gabe) sartuta eraiki du diskoaren muina.

Lagunartean

Konponketek ere izan dute garrantzirik, Amorantek kantuak zuzeneko indarra elikatzeko eraikitzen baititu, ez diskoetan pilatzeko: «Beraz, estudiorako planteamendua errotik aldatu behar izan dut, baina ez diot nire buruari mugarik jartzen. Koru bat sartu behar badut, sartuko dut, nahiz eta gero zuzenean horrela ez joan». Hala, Mariano Urtaberen kontrabaxua eta Joseba Irazokiren gitarra ere entzun daitezke kantu banatan.

Musikan bezala, hitzetan ere izan du kolaboratzailerik. «Uxue Alberdik oso hitz ederrak idatzi dizkit diskoko abesti biluzienentzat. XVII. mendean Donostian egin zen esklabo salmenta bat kontatzen du, emakume baten ahotik», aurreratu du, eta Artzeren “Ama hil zaigu” abestiaren moldaketa ere egin du.

Egindako lanarekin «pozik» agertu da Amorante, eta bere bakarkako ibilbideaz ere gozatzen hasia dela aitortu du: «Bost urte atzera eginda nituen sentipenek eta orain ditudanek ez dute zerikusirik. Askoz seguruago sentitzen naiz oholtzan, eta hori zuzenean nabaritu egiten da, disfrutatu egiten dut kantuan, nire kantaerarekin. Oraingoz espero nuena baino gehiago nabil, eta hori eskertzekoa da».

Zuzenekoez ere ez da kexatzen, boloak ateratzen ari zaizkiola dio, baina txanponaren beste aldeaz ere jabetzen da: «Sentsazio gazi-gozoak ditut, zuzenekoetan egoera ez delako guk nahiko genukeena batetik eta medioko profesional andana sufritzen ari delako bestetik. Ea nora eramaten gaituen honek guztiak», amaitu du.