NAIZ

Covid 19aren ondoren zer datorren aztertu du TM eLabek liburu batean

Covid-19 osteko etorkizunari aurre egiteko beharrezkoa den herri elkarrizketa zabal, ireki eta sakonari ekarpena egin dio Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza Laborategiak astearte honetan Elkar taldearen eskutik aurkeztu duen ‘Covid-19 eta ondoren zer? Gogoeta bat Euskal Herritik’ liburuaren bitartez.

Urko Aiartza eta Iratxe Esnaola liburuaren aurkezpenean. (@TM_eLab)
Urko Aiartza eta Iratxe Esnaola liburuaren aurkezpenean. (@TM_eLab)

Covid-19aren ondorengo mundua ez da berdina izango, eta kudeatu beharreko ondorioak eta erronkak nabariak izan arren ez dira neurgarriak oraindik, ez Euskal Herri mailan, ez mundu mailan.

Birusaren bilakaera bera oraindik ezezaguna den arren, hartuko diren erabaki eta kudeaketa moduek ondorengo hilabete eta urteetako Euskal Herriko dinamika kultural, ekonomiko, politiko, ekologiko eta soziala baldintzatuko dutela argi dago. Zertan eta zenbateraino baina?

Testuinguru honetan, Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiaren asmoa etorriko denari buruzko gogoetarako espazio ireki bat eskaintzea izan da ‘Covid-19 eta ondoren zer? Gogoeta bat Euskal Herritik’ liburuaren bidez, astearte honetan Elkar-en eskutik eta prentsaurreko birtualean Iratxe Esnaola Olaso Dorrea fundazioko lehendakariak eta Urko Aiartza TM eLabeko zuzendariak aurkeztu dutena.

Eta horretarako, Eukal Herriaren etorkizuneko erronkei buruz aritzeko ekarpen kualifikatu anitzak bildu ditu liburu horretan, egoera globalaz ari direnetik hasi eta identitatean, ingurugiroan, ongizatean edo lurralde zein herri kohesioan covid-19ak edukiko duen inpaktuaz gogoetatzen duteneraino.