Ibai AZPARREN

Bizikidetza eraikitzen laguntzeko parte-hartze prozesu handia abiarazi du Aieten Foro Sozialak

Nazioarteko Bake Konferentziaren bederatzigarren urteurrenean konponbidearen bidean aurrera egiteko, 'Bizikidetza demokratikoarekiko Konpromiso Soziala' ekimen berria aurkeztuko du larunbat honetan Foro Sozialak Donostiako Aiete jauregian. «Eztabaidarako, entzuteko eta hausnartzeko» espazioa jarri du abian, non eragileek eta herritarrek «ekarpenak» egin ahal izango dituzten.

Foro Sozialak martxan jarri duen ekimen berriaren aurkezpena Donostiako Aiete jauregian. (Jon URBE/FOKU)
Foro Sozialak martxan jarri duen ekimen berriaren aurkezpena Donostiako Aiete jauregian. (Jon URBE/FOKU)

Larunbat honetan Donostiako Aiete Jauregian aurkeztu da, Nazioarteko Bake Konferentziaren bederatzigarren urteurrenean, 'Bizikidetza Demokratikoarekiko Konpromiso Soziala' ekimena, parte-hartze prozesu handi bat, bizikidetza demokratikoa eraikitzen laguntzeko eta gertatutakoa ez errepikatzeko xedearekin.

Juan Ramón Viles Donostiako Udaleko zinegotziak ireki du ekitaldia, Eneko Goia alkateak ezin izan baitu parte hartu, Gasteizen duen bilera dela-eta. Hitzaldi labur batean, zinegotziak esan du Aiete iraganeko egoera askoren sinbolo dela, eta etorkizun hobean aurrera egiten lagunduko duela espero duela.

Ostean, Agus Hernan eta Nekane Altzelai Foro Sozialaren bozeramaileek akordioaren beraren proiekzioaz eta bizikidetzarako balioaz hitz egiteko hartu dute hitza. Vilesek gogoratu duen bezala, Aiete «toki bat gehiago» ez dela nabarmendu du, itxaropen handiko lekua izan dela zehaztuz.

«Horren lekukoa da Aieteko 2011 urteko nazioarteko konferentziako adierazpena, tartean ziren eragile guztiei konpromisoak eskatzen zizkien ibilbide orri batekin. Horrek ETAren indakeriaren amaiera ekarri zuen, eta bizikidetza batera hurbiltzea ere», gogoratu du.

Duela lau urte, Aiete ere izan zen Foro Sozialen lehen agerpen publikoaren eszenatokia; izan ere, konferentziaren bosgarren urteurrena dela eta bildu ziren bertan. «Lehen lerroan EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen ordezkari nagusiak egon ziren, bai eta sindikatu guztiak bildu ziren. Gainera, 75 pertsona bertaratu ziren, erakundeetako orezkariak eta norbanakoak. Indarkertiaren zikloaren ondorioak konpontzeko lan egingo zuen foro sozial iraunkorra behar zela uste zutenak bildu ziren», azaldu dute Altzelai eta Hernanek.

Egun horretan bertan, Brian Currinek aurrerantzean zehar zegoen hausteskunderik gabeko aldia aprobetxatzera animatu zituen eta, bozeramaileen esanetan, «aitortu behar dugu aprobetxatxzen jakin dutela». Ildo horretan, gogoratu dute ETAren armagabetze zibila gertatu dela eta nazioarteko komunitateak egiaztetu duela erakundea dagoeneko desagertu dela. Gainera, ordura arte «imajina ezinak» ziren adostasun instituzional, politiko, sindikal eta sozialen balioa azpimarratu dute.

Askatu beharreko korapiloak

Hala ere, «bizikidetza demokratikoa» eraikitzeko, askatu beharreko hiru korapilo daudela azaldu dute, hots, «biktima moten arteko diskriminazioa amaitzea» eta diskriminazio horiek gaindituko dituzten mekanismoak diseinatzea, guztientzako egia, justizia eta erreparazioa bermatuz, «presoentzako konponbide integrala lortzeko urratsak ematea» eta «memoria kritikoa eta inklusiboa» ere.

Bozeramaileen ustez, azken hori da «zailtasun gehien dituen alderdia», memoria «alderdien arteko kontakizunaren batailak baldintzatzen duelako». Horregatik, uste dute gai honetan «euskal gizartea politikarien aurretik» doala.

«Hiru korapilo hauek ondo askatzen ez ditugun bitartean ez dago ezer irabazita, bestela, ekaitzaren erdian egongo garelako berriz», adierazi dute. Zentzu horretan, Foro Sozial Iraunkorroren kezka azpimarratu dute, batez ere Madrilen, «baina hemen ere», gertatu diren eztabaida politikoen «tonuarekin».

Ez errepikatzeko bermeak ezartzeko konpromiso sozialari dagokionez, «bi erronka» daudela esan dute, batetik, «pertsona guztien eskubide zibil, politiko eta sozial guztiak errespetatzeko kultura demokratiko osoa» erakitzea, eta, bestetik, «belaunaldi berriei indarkeriarik gabeko kultura bat helaraztea, elkarrizketarako kultura, gatazkak konpontzeko tresna bakarra den aldetik».

Foro Sozial Iraunkorreko arduradunen ustez, kontua ez da Giza Eskubideen inguruan adostea, baizik eta «eskubide horiek benetan betetzea eta errespetatzea», eta bizikidetza demokratikoarekiko konpromisoa «estatu demokratikoan eta gizartean» datzala azpimarratu dute, azken hori «askotan gripatzen zen motor baten olioa» izan dela gaineratuz.

Eztabaida parte hartzailea eta mekanismoak

Ondoren, Aitzpea Leizaolak eta Mikel Casadok 'Konpromiso Soziala' bera aurkeztuko dute eta, bukatzeko, Eneko Callek prozesu parte-hartzailearen nondik norakoak aurkeztu ditu.

Horrela, Leizaolak eta Casadok konpromisoak euskal gizarteko pertsona guztiak «dagozkigun eskubideen jabe izatea» duela helburu eta horretarako «eztabaida parte-hartzailea» abiaraziko dela adierazi dute, «bizikidetza demokratikotzat hartzen dugunari buruzko asmo handiko hausnarketa» egin ahal izateko, eta «nahi duen orok parte hartu ahal izateko, hainbat modu eta mekanismoren bidez».

Gainera, adierazi dutenez, konpromiso hori eztabaidari begira «askatu beharreko korapilo eta eduki minimo» batzuen inguruan egituratu behar da; alde batetik, «bizikidetza demokratikoa erakunde demokratikoen eta gizartearen erantzukizuna» dela nabarmendu dute, eta, bestetik, «ezinbestekoa» dela biktima guztien mina aitortzea, baita «motibazio politikoko delituengatik ihes egindakoei edo preso dauden pertsonei konponbidea eskaintzea eta horiek gizarteratzea» ere, «kontakizun guztiak entzun eta errespetatu» behar baitira.

Azkenik, Callek Foro Sozial Iraunkorrak martxan jarriko dituen mekanismoen berri eman du, «eraikuntza kolektiboko prozesu hau» garatu ahal izateko, egungo «krisien pluraltasunean». Bere ustez, beharrezkoa da «iragana eta jasandako sufrimendu guztia aitortzea» bizikidetza eraikitzeko eta ez errepikatzeko bermeak ezartzeko, baina «hori ez da nahikoa, memoria, enpatia eta konpromisoa» ere behar baitira.

Callek azaldu duenez, Foro Sozial Iraunkorrak abiaraziko duen prozesuak «subjektuen eta agenden aniztasun soziala» kontuan hartuko ditu, eta «eztabaidarako, entzuteko eta hausnarketarako guneak» sortuko ditu, eragile sozialek eta norbanakoek «konpromiso sozialari ekarpenak egiteko» eta «bizikidetza demokratikoa ulertzeko modu desberdinei» buruz hitz egiteko.

Horren harira, erakunde eta entitateekin bilera publikoak egitea aurreikusten dela esan du, ekarpenak jaso eta Foroaren lana erakusteko, baita hainbat pertsona esanguratsuekin ere. «Postontzi publiko bat martxan jarriko da, edozein pertsonak etorkizuneko bizikidetzaren eraikuntzari buruzko bere ikuspegia eta kritikak eman ahal izan ditzan», gaineratu du. Azkenik, eztabaidak ere antolatuko dira, hori guztia Foroak planteatutako proposamenak eta printzipioak «batu eta elikatzeko» eta  «historia ez ererpikatzeko berme horiek» ezartzeko.

«Duela bederatzi urte hitz egitera esertzeko deia egin genien alderdiei, orain gizarteari luzatzen diogu deia», gaineratu du.