Maddi TXINTXURRETA

Eskualdeko ospitale «100% publikoa» eskatu dute Tolosan

Ehunka herritarrek Topa Tolosaldeko Osasun Publikoaren Aldeko mugimenduak eta hamarka sindikatu, alderdi politiko eta herri eragilek deitutako manifestazioarekin bat egin dute ehunka herritarrek larunbat honetan Tolosan. Eskualdeko ospitale publikoa eskatu dute, eta Asuncion klinikaren kudeaketa gaitzetsi dute.

Kalitatezko osasun publikoaren aldeko manifestazioa Tolosan. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Kalitatezko osasun publikoaren aldeko manifestazioa Tolosan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Iragan astean Asuncion itunpeko klinikan 41 kasu positibo atzeman eta berau partzialki konfinatu zutenean, urte luzez herritarrek kritikatu duten osasun sistema are indar gehiagoz deituratu dute, manifestazioaren antolatzaileek uste baitute klinikaren kudeaketa publiko-pribatuak eragin duela egungo egoera. «Beste inon gertatu ez dena hemen, Tolosaldean gertatu da, erreferentziazko ospitalea ixtea», esan dute.

Horregatik, berretsi dute Asuncion klinikaren itxiera «Tolosaldeko Osasun Zerbitzu defizientearen» ondorio dela, «administrazio publikoak Asunción klinikarekiko duen esku hartze eta kontrol ezaren ondorio».

Ostiralean, Tolosako Udalak (EAJ) «herritarren segurtasuna bermatzeko neurri gehiago» eskatu zizkion Lakuako Gobernuari, Asuncion Klinikaren agerraldiari aurre egin ahal izateko.

Osasun arretaren «kalitate baxua» eragiteaz gain, Asuncionen kudeaketa pribatuak langileen baldintzetan ere eragina duela deitoratu dute eta exijitu dute, egoerak irauten duen bitartean bederen, ospitalizazio berriak Donostiara bideratzea, eta ez Irunera, orain arte egin den bezala.

Manifestazioa abiatu aurretik prentsari egindako adierazpenetan, Marian Etxeberria Asunción klinikako langileak nabarmendu du klinika «publifikatzea» eskatzen dutela, ez dutela izan nahi «bigarren mailako ospitale bat».

12.30ean abiatu da protesta Plaza Zaharretik. Herritarrak hiru ilaratan antolatu eta kaleetan barrena ibili dira, banan-banan, distantziak zainduz. Tolosara jendetza hurbildu denaren seinale, bukaerako ekitaldian Ertzaintzak bertan behera uzteko eskatu duela, harik eta plaza kanpoko kaleetan «kolapsatuta» zegoen jendeak alde egin arte.

Urteetako eskakizuna

Tolosaldeako 28 herrientzako ospitale «100%» publiko eta kalitatezko bat galdegin dute herritarrek. «Urteak dira osasun zerbitzu publikoa aldarrikatzen gaudela, hau delako pertsonak erdigunean jarri eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko berme bakarra», adierazi dute protesta amaierako ekitaldian.

Lakuako Gobernuak esana du hurrengo legegintzaldian hasiko direla proiektu hori aurrera eramaten, baina herritarrek dudak agertu dituzte, ez baitakite «noiz, non eta nola» egingo den. Ez dute ulertzen, gainera, zergatik orain baiezkoa eman dion hainbeste urteetan herritarrek egin duten eskakizunari, orain arte eskualdeko osasun arreta «ezinhobea» dela ziurtatu dutenean.

«Baina argi, ez dugu tranpa gehiago nahi! Eta ozen esango dugu, berriz ere, espezialitateez hornitutako anbulatorioak nahi ditugula eta erreferente izango den eskualdeko ospitale bat, kudeaketa publikoa izango duena», aldarrikatu dute.

Protestak erreferentzia egin dio, baita, Amaroz auzoko herritarrek ez daukatela farmaziarik eskura, eta bertan botikin zerbitzua jartzeko galdegin dute. Lakuak, baina, ez die horretarako baimenik eman. Ekitaldiaren amaieran, antolatzaileek herritarrei eskatu diete balkoietan tela edo arropa zuriak zintzilikatzea, «mundu guztiak jakin dezan Tolosaldeak Osasun Zerbitzu publiko bat aldarrikatzen duela».