NAIZ

Euskal musika izango du ardatz Zinemaz Blai zikloak

‘Euskal musikaren oinarriak’ lemapean, bost film erakutsiko dira azaroaren 5ean abiatuko den Zinemaz Blai zikloan. Abenduak 10era bitartean, ostegunero, proiekzioak eta solasaldia hartuko ditu Euskal Museoak.

‘Au pays des basques’, 1930eko filma emango da zikloan. (GARA)
‘Au pays des basques’, 1930eko filma emango da zikloan. (GARA)

Seigarren urtez jarraian film laburren Zinemaz Blai zikloa antolatu du Euskal Museoak. Hasiera batean maiatzean zen egitekoa, baina pandemiaren eraginez datak aldatu eta azaroaren 5etik abenduaren 10era burutuko da azkenean, ostegunetan.

Zikloa ‘Euskal musikaren oinarriak’ lemapean egingo da eta gaiarekin lotura duten bost film emango dira azaroaren 5, 12, 19 eta 26an eta abenduaren 10ean. Edizio honi hasiera emateko, ‘Zirzira Ahots Taldea’ dokumentala erakutsiko da (Ius Pérez, 2020). Gainera, saio horretan bertan, solasaldi zabal bat egingo da Bizkaiko abesbatzen etorkizunaren inguruan; mahai-inguruan parte hartuko dute abesbatza horien ordezkarietako batzuek. Hurrengo saioetan, berriz, honako film hauek erakutsiko dira: ‘Au pays des basques’, ‘Euskal Herri Musika’, ‘Diez melodías vascas’ eta ‘Ikuska 13: Euskal Melodia Berria’.

Aurreko urteetan bezala, film bakoitzaren ostean solasaldi bat egongo da. Horietan Bizkaiko Abesbatzen Astearen zuzendari Pilar Jaureguik, Zirzira Ahots Taldeko zuzendari Ius Perezek, Bilboko Abesbatzen Elkarteko zuzendari Enrique Azurzak, Euskal Museoko teknikari Amaia Mujikak, Euskadiko Filmategiko zuzendariorde Ion Lopezek, Jesus Guridi artistaren alaba Julia Guridik, Bilboko Abesbatzen Elkarteko zuzendari ohi Cecilio Gerrikabeitiak eta euskal kantagintza berria aztertu duen Joxe Mari Iriondok hartuko dute parte; Alberto Lopez Echevarrieta kazetaria izango da gidaria.

Antolakuntzatik gaineratu dutenez, Zinemaz Blai zikloari esker, hainbat aktore eta zuzendariren lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da, hala nola Fernando Larruquert eta Victor Zubizarretarena.

Saio guztiak 19.00etan hasiko dira eta sarrera doakoa izango da, baina edukiera mugatua izango denez gonbidapenak aldez aurretik eskuratu beharko dira Euskal Museoaren webgunean.