NAIZ

Mendi Film jaialdiak 54 film izango ditu lehian sail ofizialean

Mendi Film jaialdiaren 13. edizioaren sail ofizialak 18 herrialdetako 54 film izango ditu lehian abenduaren 4tik 13ra bitarte. Europa, Ipar Amerika, Hego Amerika, Asia eta Ozeaniako mendiko zinemagintza izango da ordezkatuta Bilboko festibalean, antolatzaileek nabarmendu dutenez. Lehen aldiz, internet bidez ere jarraitu ahalko da jaialdia.

Abenduaren 4tik 13ra ospatuko da jaialdia. (NAIZ)
Abenduaren 4tik 13ra ospatuko da jaialdia. (NAIZ)

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 13. ediziora 175 lan aurkeztu dira, 36 herrialde ordezkatuz, sekula baino gehiago. Sail ofizialerako 54 film hautatu dira, 18 herrialdetakoak: AEBetakoak 11 dira, Estatu frantsesekoak zazpi, Estatu espainolekoak eta Euska Herrikoak bosna, Bretainia Handia, Italia, Kanada eta Suitzakoak hiruna, Alemania eta Poloniakoak bina eta Australia, Austria, Brasil, Eslovakia, Finlandia, Grezia, Hego Korea, Norvegia eta Zeelanda Berrikoak bana. Euskal Herrian ekoitzitako bost filmetatik lau euskaraz eginda daude. Sail ofizialak 24.000 euro banatuko ditu sariekin. Filmeen zerrenda osoa jaialdiaren web-orrialdean kontsulta daiteke.

Sail ofizialean zein lehiaz kanpo Zabalandi sailean proiektatuko diren filmak, Bilboko Euskalduna Jauregian, BBK Salan eta Azkuna Zentroko Golem zinema aretoetan eskainiko dira. Izan ere, areto horietan ospatuko da BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia publikoarekin, covid-19aren pandemiari aurre egiteko beharrezko neurri guztiak bermatuta.

Lehen aldiz sarean

Gainera, lehenbiziko aldiz, sarean ere jarraitu ahal izango dira BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia edukiak: sail ofizialeko filmak, mahai inguruak, hitzaldiak eta ekitaldi bereziak. Programazioaren berri aurrerago emango du antolakuntzak.

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia 13. edizioko sail ofizialeko epaimahaikideak ondoko hauek dira: Asier Altuna zinema zuzendaria eta gidoigilea, Paula Olaz zinema, telebista, antzerki, dantza eta bideo jokoetarako soinu banda sortzailea, Itziar Garcia dokumentaletan espezializatutako sormen ekoizlea, Iwona Zielinska-Sasiada kultur kudeatzailea eta musika eta kirol proiektuen koordinatzailea Madrilgo Poloniar Kultur Institutuan eta Jon San Sebastian ikus-entzunezko baliabideetako ikaslea.