Naiz

Orduko 216 kilometroko haize-boladak Iratin eta 12.500 etxebizitza argindarrik gabe

Haizea izan da gaueko protagonista Euskal Herriko txoko guztietan. Haize-bolada gogorrek kalte ugari sortu dute: larrialdi zerbitzuek 1.000 abisu baino gehiago jaso dituzte EAEn, 12.500 etxebizitzatan argindarrik ez dute Ipar Euskal Herrian eta orduko 216 kilometroko haize-ufadak neurtu dituzte Iratin. [Eguraldiaren inguruko informazio guztia NAIZen webgune berezian]

Orendaingo kultur etxea teilaturik gabe geratu da. (FOKU)
Orendaingo kultur etxea teilaturik gabe geratu da. (FOKU)

Alerta laranja ezarria zegoen Euskal Herrian, gauean zehar, hego haize indartsuaren ondorioz. Eta ongi bete dira aurreikuspenak. Haize-ufada gogorrek kalte ugari utzi dituzte bazter guztietan.

EAEn, esaterako, 1.000 abisu baino gehiago jaso dituzte larrialdi zerbitzuek, gehienak eroritako zuhaitz edo mugitutako edukiontzien ondorioz. Guztira 1.044 abisu izan dira astearteko 15.00etatik, asteazkeneko 06.00etara. Hauetako gehienak Gipuzkoan izan dira (526), segidan Bizkaia 357 eta azkenik, Araba (161).

Eroritako zuhaitz horietako batek auto istripu bat eragin du Mallabian eta gidaria, zauri arinekin, Mendaroko ospitalera eraman dute.

Orendainen, aldiz, zuhaitzak ez ezik, kultur etxeko teilatua ere bota du haizeak. Antza, ez da kaltetuko pertsonarik izan.

Oiz mendian orduko 144,5 kilometroko haize-boladak neurtu dituzte; orduko 126 kilometrokoak Zaldiaranen, 119koak Zarautzen eta orduko 112 kilometrokoak Donostiako Santa Klara irlan. Mallabian orduko 122 kilometroko indarra hartu du haizeak, 121ekoa Iurretan eta orduko 94 kilometrokoa Deustun.

12.500 etxebizitza argindarrik gabe

Ipar Euskal Herrian, Euskal Irratiek jakinarazi duenez, argindarrik gabe daude 12.500 etxebizitzatan. Sara eskualdetik hasi eta Zuberora arte daude mozketak. Besteak beste, Senpere, Azkaine, Ainhoa, Baigorri, Aldudeko ibarra eta Atharratzen.

Hainbat bidetan ere arazoak daude. Sara eta Azkaine lotzen dituen errepidean edo Ortzaize eta Donibane Garazi artekoan, esaterako. Izan ere, orduko 216 kilometroko haize boladak neurtu dituzte Iratin goizalde honetan, eta orduko 130 kilometrokoak Zokoan.

Bost kamioi irauli ditu Nafarroan

Nafarroan ere gogor jo du haizeak. Aralarren, adibidez, 200 kilometroko ufadak neurtu dituzte. Gau zaratatsua izan da herrialdean. Batek baino gehiagok haizearen zarata azken asteetako lurrikarekin nahasteraino.

Larrialdi zerbitzuek, hemen, 100 abisu baino gehiago jaso dituzte. Besteak beste, ufada hauek bost kamioi irauli dituzte, Beriain, Tiebas eta Erreniega inguruan izandako hiru istriputan. Era berean, Iruñerrian kalte ugari sortu dituzte eroritako zuhaitzek.

Aralarren orduko 200 kilometroko haize-boladak neurtu dituzte.

Alerta laranja amaitutzat eman da eta 10.00ak arte abisu horia mantendu da. Orduak aurrera joan ahala giroa lasaitu egingo da.