Maite Ubiria

Instrukzio fasera bidali dute berriro ere Urrutikoetxeari gaur egin behar zioten auzia

2017. urtean errebeldian Josu Urrutikoetxeari egin zioten auzia gaur asteazkenean errepikatu behar zuten Parisen. Dosierra instrukzio fasera bidaltzea erabaki du, bigarrenez, Zigor Auzitegiak. Fiskalak eginiko eskaera babestu du horrela epaileak. Defentsak, ordez, Norvegiako negoziaketa dosierratik kosta ala kosta ezabatzearren auzitegiak hartu duen jarrera oztopatzailea salatu du.

Josu Urrutikoetxea, bere abokatuaren ondoan, auzitegian. (Christophe ARCHAMBAULT / AFP
Josu Urrutikoetxea, bere abokatuaren ondoan, auzitegian. (Christophe ARCHAMBAULT / AFP

Parisko Zigor Auzitegiak berriro ere instrukzio fasera bidali du gaur aztergai zuen Josu Urrutikoetxearen aurkako auzia.

Bigarren aldia da auzibidean zen dosierra zuzentzera bidaltzen duela epaileak. 2019ko irailean beste hainbeste egin zuen epaileak. Covid19ak eragindako krisia dela-eta iragan martxoan bertan behera geratu zen auzia, gaur arte.

Hain zuzen 2017. urtean Urrutikoetxeari ezarri zioten zigorra aztertu behar zuen epaitegiak, iazko maiatzean Alpeetan atzeman zuten defentsak horrela eskatuta. Zortzi urteko kartzela zigorra ezari zioten orduan ETA erakundeko buruzagi ohiari.

Norvegian burutu zen elkarrizketa prozesuari begira Urrutikoetxeak eginiko lana bete betean sartzen da prozeduran, 2011 eta 2013 urte artean ETAko zuzendaritzako kide izatea egotzi baitzioten 2017ko erabaki judizial horretan.

«Argi geratu da ez dutela pasarte horri buruz hitz egin nahi», nabarmendu du gaurko saioaren ondoren Egoitz Urrutikoetxeak.

Dosierra instrukzio fasera bidaltzearekin batera epaileek baztertu dute pasarte horrekin zerikusia duten elementu berriekin hornitzea prozedura, defentsak eginiko eskaera errefusatuz.

Kokapen akats bat

Finean, Fiskala prozedurak zuen «akatsaz» ohartu delako heldu da auzia gibaletzeko erabakia.

Dosierrak Pirinio Atllantikoetan kokatzen zuen Urrutikoetxea atxilotzeko frantses Poliziak 2013an burutu zuen operazioa. Ariegeko departamenduan gauzatu zen operazioak porrot egin zuen baina Urrutikoetxeak erabiltzen duen etxean atzemandako dokumentazioan oinarritzen da auzia.

Txostena idatzita zegoen bezala «ezinbestean errugabetu behar zuten aita», azaldu du Egoitz Urrutikoetxeak. Horrendako, azken momentuan fiskalak dozierra berriz ere instrukzio epailearengana bidaltzea galdetu du.

Ulergaitza jo du Urrutikoetxearen semeak Zigor Auzitegiak hartu duen erabakia, eta fiskalak prozedura katramilatzeko duen asmoa salatu du.

Zigortzeko determinazioa agerian

Defentsaren ustez auzia ez egiteko irtenbidea fortzatu du fiskalak «epaileak lagundurik», era horretan «kosta ala kosta zigorra berresteko asmoa agerian utzi dutela».

Joan zen uztailean Urrutikoetxearen abokatuek epaitegiaren presidentearekin izan zuten bileran, auzia atzeratzeko arrazoirik ez zuela ikusten berretsi zuen berak.

Gaur ordea auzia eten eta instrukziora bidali dute epaileek.

Gauzak horrela, behingoz 2021ko ekaina arte atzeratu da auzia. Ekainaren 15-16 izan da epaitegiak finkatu dituen behin-behineko datak. Izan ere, instrukzioaren arabera, auzia orandik ere gehiago gibelatzea ezin da baztertu.

2010. urtean Urrutikoetxeari egin zioten auzia, bestalde, 2020ko otsailean berriro ere aztertzeko erabakia hartu zuen Zigor Auzitegiak joan zen astelehenean.