Haritz Larrañaga

Sute handi bat piztu da Angeluko industriagune batean

Angeluko lantoki batean piztu den sute handia arazoak eragiten ari da Baiona inguruko errepideetan, hego haizea ke zutabe beltza kostaldera bultzatzen ari baita. Bizilagunek leherketak entzun dituzte autoen piezak ataltzen dituzten tailer batean. Suhiltzaileek sua kontrolpean hartu duten arren, sugarrak amatatzeko orduak behar izan dituzte. Ez da zauritu larririk izan.

Suhiltzaileak, Angeluko sutea amatatzen. (Bob EDME)
Suhiltzaileak, Angeluko sutea amatatzen. (Bob EDME)

Autoak piezatan banatzen dituen Angeluko Careco Prieur lantokian sute handi bat piztu da goizeko 9.30ean eta oraindik amatatze lanetan ari dira suhiltzaileak. Ez da zauritu larririk izan, baina Poliziak inguruetako bizilagunak ebakuatu ditu. Biarrizko hondartzatik zein Ezpeletako herritik ikus daitekeen ke zutabe beltz bat altxa da eta auto ilara handiak sortu dira Baiona inguruko errepideetan. 

Sutearen iturburua ibilgailuen pieizak banatzen dituen tailer batean izan da. Su hartu duen auto bat itzaltzen saiatu dira bertako zazpi langileak, baina lortu ez dutenez lekutik aldentzea erabaki dute, inguruan zen materiala kontuan hartuta, han geratzea arrikutsua izan zitekeelako. langleetako batek erreduraa rinak jasan ditu esku batean eta beste bi lankide kea arnasteagatik artatu dituzte, baina ez da zauritu larrik izan.

Suhiltzaileak berehala iritsi dira eta sutea kontrolpean hartu dute, baina sugarrak guztiz amatatzeko orduak behar izan dituzte. Itxura guztien arabera sutea halabeharrez sortu da, hau da, ez da nahita eragindakoa izan, eta langileetako batek aditzera eman duenez, sua hartu duen ibilgailuak «sei edo zazpi litro gasolina zituen depositoan».

Auzokideek leherketak entzun dituzte, izan ere sua piztu den tailerrean gas botilak eta antzeko beste material suharberak zeuden. Plastiko erre usaina zuen ke zutabe beltz handi bat sortu du eta arazoak eragin ditu, hego haizearen ondorioz Lapurdin trafiko gehien izaten den eremura mugitu baita ke ilara.

Gaurko denbora tarte labur batean Angelun pizten den bigarren sutea da, izan ere pasa den uztailaren 30ean ere sute handi bat piztu zen Angeluko Xiberta basoan eta kalte handiak eragin zituen.