NAIZ
DONOSTIA

Ibaia Ikus-entzunezko Euskal Ekoizleen elkarteak zuzendaritza batzordea berritu du

Ibaia Ikus-entzunezko Euskal Ekoizle Burujabeen elkarteak bere zuzendaritza batzordea berritu du iragan urriaren 16an egindako biltzarraren ondotik. Azaldu dutenez, Area Audiovisual eta Sr&Sra enpresek bat egin dute, «elkartearen helburuekin bat datorren ikuspegi berri bat» emanez.

‘Ventajas de viajar en tren’ filmaren fotograma, Sr&Sra-k ekoiztua. (NAIZ)
‘Ventajas de viajar en tren’ filmaren fotograma, Sr&Sra-k ekoiztua. (NAIZ)

Ibaia elkarteak iragan astean egindako Ezohiko Batzar Nagusian Zuzendaritza Batzordea berritu zuen eta aukera baliatu zuen lan taldera izen eta begirada berriak eransteko. Ohar bidez publiko egin duenez, elkartearen gobernu-organoa bederatzi enpresen ordezkaritzek osatzen dute. Hurrenez hurren Txintxu films, bertako Marian Fernandez da lehendakaria; Dibulitoon Studio (Ricardo Ramon), Baleuko (Idurre Cajaraville), Irusoin (Xabier Berzosa), K 2000 (Sabin Uriarte),   Area Audiovisual (Aitor Gonzalez de Langarica), Kowalski Films (Koldo Zuazua), Lotura Films (Miren Berasategi) eta Sr&Sra (Leire Apellaniz).

Hain zuzen Leire Apellanizena da gobernu-organora batu den bi izen berrietako bat. Aritz Morenorekin batera enpresa bat sortu zuen 2013an eta ospe handiko jaialdietan parte hartu zuten film luze arrakastatsu batzuk ekoitzi eta zuzendu zituen, hala nola ‘El último verano’, ‘Mudar la piel’, ‘Las letras de Jordi’ eta ‘Ventajas de viajar en tren’, besteak beste. Gaur egun, enpresa hori ‘Una Ballena’ film luzea egiten ari da.

Lan taldeko beste izen berria Aitor Gonzalez de Langaricarena da, Area Audiovisual enpresa ordekzatuz. Ibaia elkarteak azaldu duenez, «lantalde moldakorra du, ikus-entzunezkoen alorrak eskaintzen duen edozein esparrutan proiektuei aurre egiteko aukera ematen diona, enpresa pribaturako nahiz erakunde publikoetarako lanak eginez». Nabarmentzekoak dira eduki historikoko dokumentalak (‘En busca de la Ciudad Perdida’ edo ‘La batalla de Vitoria’). Gaur egun, ‘La Ciudad Revolucion’ enkarguzko dokumentalean gidoilari eta zuzendarikide lana ‘Northabout. Contra el cambio climático’, ‘Muerte en Amara’ eta ‘Bromo, el agente Gernika’ dokumental propioen ekoizpenarekin uztartzen ari da.