Arnaitz Gorriti

Araski eta Gernikaren arteko derbian geraipenak beste balioko du inertzia ona bilatzeak

Gasteiztarrek azken hiru partidak galdu dituzte eta bizkaitarrek, berriz, etxean ahaztuta uzten dute beren jokorik onena eta Malosten jokaturiko hiru neurketetan egurra jaso dute. IDK Euskotrenek Zamaraten etxean jokatuko du.

Iaz Gernika Mendizorrotzan nagusi izan zen, neurri baten Belen Arrojok uztaipean egindako lan bikainari esker. (Juanan RUIZ / FOKU)
Iaz Gernika Mendizorrotzan nagusi izan zen, neurri baten Belen Arrojok uztaipean egindako lan bikainari esker. (Juanan RUIZ / FOKU)

Mendizorrotza kiroldegiak 2020/21 denboraldian Emakumeen Endesa Ligako bigarren euskal derbia jasoko du larunbat honetan 18.30etan hasita, Kutxabank Araski eta Lointek Gernika Bizkaiaren artean. Sei jardunaldi igaro ondoren, bizkaitarrak seigarren postuan doaz 3-3ko balantzearekin, eta Madelen Urietak zuzentzen duen taldea, berriz, hamaikagarren, sei neurketatik bi kakarrik irabazita; are gehiago, azken hirurak galduta, tartean asteazkenean Donostian jokaturiko denboraldiko aurreneko euskal derbia.

Kanpotik begiratuta, gernikarrek dirudite faborito. Batetik, garaipen bat gehiago dute, asteazken gauean Malosten Al-Qazeres 86-60 egurtu eta gero. Horrez gain, Mendizorrotzara egindako azken bisitaldian, joan den urteko azaroaren azken egunean, 40-59 erraz gailendu ziren bizkaitarrak, Nogaye Loren 22 puntuei esker eta baita Belen Arrojok uztaipean erakutsi zuen indarragatik ere. Tira, ez da ahaztu behar Kopako final-laurdenetako kanporaketan gasteiztarrak nagusitu zirela: 80-83, luzapenean.

Hala ere, begirada hori oso azalekoa izango litzateke. Hasteko eta bat, talde biek zapatu honetan bilatu behar dutena inertzia ona aurkitzea da, ez besterik. Hau da, behingoan maila onean luzaro joka dezaketela erakutsi behar dute biek ala biek, joko ona bolada motzetan baino ez dutelako orain arte erakutsi, eta talde biek sobera kalitate dute orain arte eman dutena baino askoz gehiago emateko.

Esaterako, ez da normala Lointek Gernika Bizkaiak orain arte erakutsi duen maila eskasa Malostetik kanpo jokatu duen bakoitzean. Al-Qazeresen aurka %50 baino gehiago asmatu zuen biko eta hiruko jaurtiketetan, eta %75 jaurtiketa libreetan; hiru egun aurretik, ordea, %30 baino gutxiago asmatu zuen Logroñon Campus Prometeren aurka. Zein da benetako Gernika Bizkaia? Orain arte etxetik kanpo jokaturiko partidak galdu ez ezik, egurra jasota bukatu ditu Mario Lopezen taldeak.

Araskik ere antzera ekin dio denboraldiari, jokorik onena Mendizorrotzan erakutsiz eta handik kanpo behar baino gehiago sufrituz. Beren kasuan, baina, Estudiantesen aurka kontrolpean zuen partida galdu zuen joan zen larunbatean Tamara Sedak min hartu zuelako. Mozanbiqueko pibota asteazkenean Josean Gasca kiroldegian jokatzeko gai izan zen, baina Meiya Tireraren aurrean asko sufritu zuen. Hori gutxi ez eta, gasteiztarrek hiruko jaurtiketetan oso egun petrala izan zuten, 15 saiakeratik bakarra saskiratuta. Ia azkenera arte derbia irabazteko aukerak izan zituzten, baina motz geratu ziren eta horren ondorio da egun duten 2-4ko balantzea.

Bada, talde bien artean ikusi egin beharko da zapatu hontan zein hurbiltzen den bere jokorik onenera, hark eramango baitu Mendizorrotzako derbia, eta horregatik ez dago inolako faboritorik, inrok ere ezin baitio antzik eman zer itxura emango duen talde bakoitzak.

Atzean dagoen aurkari arriskutsua

IDK Euskotreni dagokionez, larunbatean jokatuko du honek ere, 20.00etatik aurrera Zamarat taldearen kantxan. Araskiren aurkako derbia irabazi ostean, pozarren zen Azu Muguruza donostiarren entrenatzailea. «Taldearen jokoa oso ona izan da, bai erasoan, bai defentsan. Erasoari ezin izan dugu 40 minutuz mantendu, baina defentsako mailari askoz hobeto eutsi diogu», adierazi zuen partida amaituta.

Garaipen horren ondorioz, sailkapeneko bderatzigarren postuan dira gipuzkoarrak, 3-3ko balantzeaz. Horrez gain, irabazteko moduko aurkaria lukete zapatu hontako bisitan, Zamarat hamabosgarren –Emakumeen Endesa Ligako azken aurreko postuan, alegia– baitoa Zamorako taldea. Alabaina, Azu Muguruza ez da fidatzen.

«Gaurko sailakpenaren behekaldean egon arren, partidu onak jokatu ditu eta asteazkeneko porrotaren ondoren –Estudiantesen aurka– etxean oso indartsu irten nahiko dutela pentsatzen dugu», azpimarratu du donostiarren entrenatzaileak partida bezperako adierazopen saioan.

Zamarateko jokalarien izenei so eginez gero, ez du arrazoi faltarik Azu Muguruzak. Gernikako jokalari ohi Valeriya Berezhynska ukrainiarrak, Marina Lizarazu antolatzailea, Amy Okonwo pibot nigeriarra... jokalari onak bai, baina 1-5eko balantzea orain arte.

«Zonan asko defendatzen ari den taldea da», ohartarazi du Muguruzak. «Erasoa izango da partidako gakoa, defentsa horietara egokitzeko gai izan, gure kanpoko jokalariak jaurtiketak asmatzea egotea, eta bestetik, aurkariaren indarguneak gelditzea», biribildu du donostiarren entrenatzaileak.