Naiz
Bilbo

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiak 54 film izango ditu lehian sail ofizialean

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 13. edizioaren sail ofizialak 18 herrialdetako 54 film izango ditu lehian abenduaren 4tik 13ra bitarte. Europa, Ipar Amerika, Hego Amerika, Asia eta Ozeaniako mendiko zinemagintza izango da ordezkatuta Bilboko festibalean, antolatzaileek nabarmendu dutenez.

Mendi Film jaialdiaren aurreko edizio bateko aurkezpena. (Monika DEL VALLE/FOKU).
Mendi Film jaialdiaren aurreko edizio bateko aurkezpena. (Monika DEL VALLE/FOKU).

75 lan aurkeztu dira BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdira, 36 herrialde ordezkatuz, sekula baino gehiago. Sail ofizialerako 54 film hautatu dira, 18 herrialdetakoak: AEBetakoak 11 dira, frantziar Estatukoak zazpi, Euskal Herrikoak bost, espainair Estatukoak beste bost, Erresuma Batua, Italia, Kanada eta Suitzakoak hiruna, Alemania eta Poloniakoak bina eta Australia, Austria, Brasil, Eslovakia, Finlandia, Grezia, Hego Korea, Norvegia eta Zeelanda Berrikoak bana. Euskal Herrian ekotzitako bost filmetatik lau euskaraz eginda daude. Sail ofizialak 24.000 euro banatuko ditu sariekin.

Sail ofizialean zein lehiaz kanpo Zabalandi sailean proiektatuko diren filmak, Bilboko Euskalduna Jauregian, BBK Salan eta Azkuna Zentroko Golem zinema aretoetan eskainiko dira. Izan ere, areto horietan ospatuko da BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia publikoarekin, covid-19aren pandemiari aurre egiteko beharrezko neurri guztiak bermatuta.

Gainera, lehenbiziko aldiz, sarean ere jarraitu ahal izango dira BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia edukiak: sail ofizialeko filmak, mahai inguruak, hitzaldiak eta ekitaldi bereziak. Programazioaren berri aurrerago emango du antolakuntzak.

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia 13. edizioko sail ofizialeko epaimahaikideak ondoko hauek dira: Asier Altuna zinema zuzendaria eta gidoigilea, Paula Olaz zinema, telebista, antzerki, dantza eta bideo jokoetarako soinu banda sortzailea, Itziar Garcia dokumentaletan espezializatutako sormen ekoizlea, Iwona Zielinska-Sasiada kultur kudeatzailea eta musika eta kirol proiektuen koordinatzailea Madrilgo Poloniar Kultur Institutuan eta Jon San Sebastián ikus-entzunezko baliabideetako ikaslea.