NAIZ

Hilabete eta erdi bete da Bilbaok greba hasi zuenetik eta bere borondatearen kontra elikatu dute

Iñaki Bilbao presoak gose eta komunikazio greba hasi zuen irailaren 9an. Gaur 45 egun beteko ditu. ATAk jakitera eman duenez, aste honetan ospitalera eraman dute eta bere borondatearen kontra elikatzen ari dira.

Donostian ATAk egin duen mobilizazioa. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Donostian ATAk egin duen mobilizazioa. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Iñaki Bilbaok gose greba hasi zuen Euskal Herri independente, bateratu, sozialista eta euskalduna aldarrikatzeko. Baraualdiarekin batera, komunikazio guztiak eten zituen. Puerto III espetxeko bere ziegatik ez irteteaz gain, bisitak edo telefono deiak baztertu ditu.

45 egun hauetan izandako informazio apurra beste preso batzuek eman dute, eta kasuren batean, lehen aldiz ospitaleratu zutenean, adibidez, Espetxe Zuzendaritzak informazio hori baieztatu du.

«Komunikazio greba» hori –gertukoekin harremanik ez izatea, alegia– presoak hil arte iristea erabaki izanaren ondorio da, Jon Aldana preso ohi eta Bilbaoren lagunak hedabide digital batean egindako elkarrizketa batean azaldu duenez.

Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak (ATA) jakitera eman duenez, Bilbao ospitalera eraman dute berriro aste honetan, bere borondatearen kontra elikatzeko.

45 egun betetzen diren honetan, gainera, manifestazioa burutu du Donostian talde honek, lehenago Bilbon egin zuten bezala. Buruan zeramaten pankartan Iñaki Bilbao Goikoetxea gose eta komunikazio greban dagoela nabarmendu dute eta «Independentzia eta sozialismoa» aldarria ere erantsi dute. Pandemia dela eta, elkarren arteko distantziak gordez osatu dute mobilizazioa. Ehun bat lagunek hartu dute parte manifestazioan.