NAIZ
DONOSTIA

Jon Baguesek eta Iñigo de Pequek jaso dute aurtengo Donostiako Orfeoia-UPV/EHU saria

Donostiako Orfeoiak eta UPV/EHUk elkarlanean banatzen duten saria Jon Bagues eta Iñigo de Peque ikertzailearentzat izan dira aurten. Lehenari, hogei urtez Eresbileko arduraduna izandakoari, bere ibilbidea aitortu zaio; bigarrenari ‘Nicolas Ledesma (1791-1883), maestro de capilla y organista en el siglo XIX español’ lana.

Jon Bagues eta Iñigo de Pequek astelehen honetan jaso dute saria. (Juantxo EGAÑA)
Jon Bagues eta Iñigo de Pequek astelehen honetan jaso dute saria. (Juantxo EGAÑA)

Jon Baguesek eta Iñigo de Pequek jaso dute Donostiako Orfeoia-UPV/EHU saria. Aurten hemeretzigarren edizioa bete duen sari honek bi helbururekin sortu zen: batetik, sormen musikalean egindako ibilbide profesionala aintzatestea eta, bestetik, musika arloko ikerkuntza sustatzea.

Hala, bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren Jarraipen Batzordeak osatutako epaimahaiak ebatzi du Jon Baguesi ematea saria, «musikaren munduari estuki lotutako ibilbide profesional luze eta arrakastatsu izateagatik». Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren arduraduna izan zen hogei urtez Jon Bagues.

Musika ikerketaren saria, berriz, Iñigo de Peque ikertzaileari eman zaio ‘Nicolas Ledesma (1791-1883), maestro de capilla y organista en el siglo XIX español’ lanagatik.

Errenterian 1955. urtean jaioa, Jon Baguesek Donostiako, Bartzelonako eta Madrilgo kontserbatorioetan egin zituen musika ikasketak. Filosofia eta Letretako ikasketak egin zituen lehendabizi Gipuzkoako hiriburuan eta gero Katalunian. Han espezializatu zen Musikaren Historian eta, geroago, Artxibistika eta Dokumentazioan. 1990ean doktoretza lortu zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan ‘La Musica en la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País’ lanarekin.

Bere ibilbide profesionala «luzea eta oparoa» izan da, epaimahaiaren esanetan. «Beti musikari lotuta egon da ahal izan duen modu guztietan, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren arduraduna izan da hogei urtez, eta aldi horretan erakunde horren onena atera du; gainera, Musikaste jaialdiaren zuzendaria izan da», adierazi du Orfeoiak ohar bidez.

1985ean Capilla Peñaflorida sortu zuen, antzinako musika ikertu eta zabaltzeko interpretazio erakundea eta musika dokumentazioari eta Euskal Herriko musikaren historiari buruzko hainbat artikulu argitaratu ditu, bereziki XVIII. mendekoak. 1979an Arantzazuko Santutegiko musika artxibo zaharraren katalogoa argitaratu zuen, ekarpen batzuk aipatzearren.

Hainbat elkarteko kide izan da, hala nola Etxepare Institutua, Kontseilua, Musika Liburutegi, Artxibo eta Dokumentazio Zentroen Nazioarteko Elkartea, Euskal Herriko Txistularien Elkartea eta Dantzaz, Dantza Garatzeko Elkartearen Zuzendaritza Batzordean aritu da, abar luze baten artean.

Nicolas Ledesmaren ibilbideari argia

Iñigo de Peque Bilbon jaio zen 1988an. Musikaren Historian eta Zientzietan lizentziaduna da Valladolideko Unibertsitatean eta Hispaniar Musikan masterra izateaz gai,  Musikologian doktorea ere. Gainera, interpretazioko goi mailako tituluduna da, organo espezialitatean, Musikenen.

Sari banaketan aditzera eman dutenez, musikologo gisa, XIX. mendeko iberiar musika ekoizpena interesatzen zaio, bereziki organoari eskainitakoa. Gai horri buruz hainbat aldizkari espezializatuetan argitaratu du.

Gaur egun, Musikologiako irakasle elkartua da Valladolideko Unibertsitatean eta, horrez gain, organo jotzaile titularra da Bilboko San Anton elizan eta organo jotzaile laguntzailea Bilboko katedralean.

Saria astelehen honetan jaso du, argitaratu duen lanagatik. Ikerketa honetan Nicolás Ledesma (1791-1883) kapera maisu eta organo jotzailearen ibilbidea aztertzen da, berreraikuntza biografikoa eginez eta haren lana aztertuz.

Ikerketa honen bidez, protagonistak Bilboko –bertan eman zituen 50 urte baino gehiago lanean–, Estatu espainiarraren garapen kulturalean lan nabarmena egin zuela frogatu nahi izan du eta, aldi berean, Ledesmaren eta XIX. mendeko musika esparruaren inguruan sortutako ekimenen arteko lotura aztertu nahi da.

«Hamar urtez Bilboko Katedraleko Musika Kaperako kide izan nintzen. Talde horretako kapera maisu izan zen Nicolas Ledesma ere, eta gaur egun haren obra asko interpretatzen dira oraindik. Bere errepertorioa zein berari buruz zeuden ikerketa urriak ezagutu nituenean, doktorego tesi baten bidez musikagile honen bizitza berreskuratzea pentsatu nuen, eta ekimen horrek sortu zuen lan hau», adierazi du De Pequek.