Maite Ubiria

Lapurdiko kostatik barnealdera zabalduz doa Covid19

Ipar Euskal Herrian covid19ak izan duen eragin zehatza ezagutzea zaila bada ere Géodes, Frantziako Osasun Publikoak garatutako datuen sistemak argazki orokor bat hartzeko balio dezake. Mapan baliatzen duten kolore urdinaren tonalidadea jarraituz biztanleria gehien hartzen duten Lapurdiko hirigunetan soilik ez barnealdera ere birusa azkari zabaldu dela sumatu daiteke. Are, goreneko kutsatze tasarik irudikatzen duten urdin beltzean agertzen dira hala nola Esterenzubi, Aintzilan Arnegi, Altzai edo Aldude.

Herriz-herriko mapak erakusten duenez pandemiaren eragina ez da hirigunetara mugatzen. (GéodesFrance)
Herriz-herriko mapak erakusten duenez pandemiaren eragina ez da hirigunetara mugatzen. (GéodesFrance)

Akitania Berriako Osasun Agentziak (ARS delakoa) agerraldia eskaini du gaur goizean eskualde horretan covid19ak azken aste eta egunetan izan duen bilakaeraren berri emateko.

Agerraldi horretan jakitera eman dutenez urriaren 23an 224 kluster edo agerraldi aktibo baziren eskualdean.

Eskualde horren baitan kokatzen den Pirinio Atlantikoen departamenduari dagokionez joan zen ostiralean prefeturak baieztatu zuenez covid19ren eragin tasa 254,11koa zen 100.000 biztanleekiko. Azkeneko bi asteotan kutsadura kasuak 160 aldiz biderkatu da.

Zein da zehazki Ipar Euskal Herriko egoera ? Géodes, Frantziako Osasun Publikoak garatutako datuen sistemak ahalbidetzen du argazki orokor bat hartzea.

Besterik ez bada, kolore urdinaren tonalidadeari erreparatuz Lapurdiko kostan soilik ez, barnealdera ere azkenaldian azkarki zabaldu dela birusa baieztatu dezakegu.

Barnealdean, urdin ilunago

Biarritz-Angelu-Baiona (BAB) izanen da covid19ak gehien eragin duen lurraldea. Izan ere inguruko hainbat herritan ere -Arbona, Arrangoitze, Bidarte, Urketa..- 250 eta 500 kasu arteko 100.000 biztanleko tasa markatzeko baliatzen den urdin aski ilunean agertzen dira.

Izan ere, kolore urdin ilunagoarekin oraindik agertzen dira 500 kasu/100.000 biztanleko langa horretan (edo hortik goiti) dauden herriak.

Iparraldeko 50 bat herri agertzen dira taularen bi parametro ilun horietan. Gehienak Lapurdi barnealdea, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herriak dira.

Kanbo, Hazparne, Aiherra, Bastida, Armendaritze, Gamarte.. mapari so eginez gro landa eremuetan urdin koloreak abantzu beltza tonua hartzen du. Hau da, covid19 kasuak gero eta maizago agertzen dira biztanle gutxi dituzten herritan ere.

Muturreko kutsadura maila hori neurtzen duen kolore urdin-beltza horrekin agertzen dira, hala nola Esterenzubi, Aintzila, Arnegi, Altzai , Atharratze, Pagola edo Aldude.

Ipar Euskal Herriko mapa bereiztuta ez bada agertzen ere, esteka honetan ahal da herriz herri covid19ren eragin hala do hola neurtu. 159 herrietatik heren batek bederen kezkatzeko kopurutan agertzen dira.

Hain zuzen gaur Jonatah Herve suprefetak jakitera eman duenez Baionako rietxean 27 herritar ingresatuik daude covid19ak jota. Horietatik 7 suspertze zerbitzuan daude. Saturazio arriskua ez bada ere, suspertze baliabideen %40 erabilia da. Hori dela eta plan zuria aldarrikatuko dute, ebakuntza arruntak gibelatzeko xedez.

Departamenduan 339 kasu covid19 100.000 biztanleko zenbatu dira azken 14 ordutan. Positibitatea tasa, bestalde, %15,6koa da.