NAIZ
BILBO

Nacho Vegas eta C. Tangana modu birtualean daude Bilboko Bime Pro musika biltzarrean

Euskalduna Jauregian musika sektorearen nazioarteko Bime Pro biltzarraren lehenengo jardunaldi presentziala burutzen ari da gaur, asteazkena. Mundu osoko milaka profesionalek «online» jarraitzen duten biltzar honetan, C.Tangana, Nacho Vega, Loquillo edo Jordi Evole bezalako izen ezagunak egongo dira modu birtualean eta zuzenean.

Nacho Vegasek bere disko berriari buruz mintzatuko da «online». (NAIZ)
Nacho Vegasek bere disko berriari buruz mintzatuko da «online». (NAIZ)

Pandemiaren itzala, noski, Bilbon burutzen ari den Bime Pro biltzarrean eragin handia izaten ari da. Biltzarrak, sektoreko profesionalen agendetan ezinbestekoa den urteko ekitaldietako bat izaki, aurtengo 8. edizio honetan orain arteko deialdirik zailenetako bati egin beharko dio aurre. Horren adibide, 2020ko edizioa aurkezteko erabili den #inoizbainogertuago leloa.

Online formatoan, egitaraua mundu osotik jarraitzen ari dira milaka profesional. Presentzialki, gaur asteazkena Euskalduna Jauregian ehunka bilduko dira, betiere egun hauetan puri-purian dagoen beste lelo bat erakusteko: #kulturasegurua. Une zail honetan, Bime Pro topaketa musikaren sektorerako ez ezik, gure herrialdeko kultura eta sormen-industrien ekosistema osorako ere garrantzitsua dela adierazi nahi du.

Artistekin solasaldiak

Atzo, asteartea, bi areto egon ziren aktibo: Pro eta Campus izenekoa. Asteazkenean hirugarren bat gehituko zaie: Tech izenekoa. Bertan, hitzaldiez gain, «erakusketak egiteko gune bat ere badago, eta musika-ekitaldiak egunetik egunera ikusgarriagoak ez ezik, jasangarriagoak, eraginkorragoak, errentagarriagoak eta seguruagoak ere izatea ahalbidetzen duten tresna berritzaileak egongo dira ikusgai», jardunaldi hauen esanetan.

Gaurko egunari dagokionez, parte hartuko duten izenen artean hiru artisten izenak nabarmentzen dira.

Nacho Vegasek bere ibilbidearen azken hamarkada biltzen duen albuma argitaratu berri du, eta Pilar Gonzalez Ruiz kazetariarekin hitz egingo du abestiak egiteko lanbideari buruz: Estatuan eta Latinoamerikaren zati handi batean gehien errespetatzen duten egileetako batekin aurrez aurreko topaketa izango da (13.15etan).

Loquillok (12.15etan) uztailaren 3an Madrilgo Wizink Centerren eskaini zuen kontzertuaren esperientzia partekatuko du; izan ere, martxoan pandemiak eragin zuen etenaldi orokorraren ostean, kontzertu horrekin ireki baitzituen ateak gune horrek.

Gero, arratsaldean, Anton Alvarezek –alegia, C.Tangana artistak–, bere sormen-talde osoarekin batera, euren proiektuaren gakoak aztertzeko ibilbide bat proposatuko digu, betiere sormenaren, antolaketaren eta enpresaren ikuspegitik begiratuta.

Tiktok plataforma eta kontzertuak

Saio oso bat eskainiko diote ere moda-modako TikTok plataformari. Nola aprobetxatu behar dute artistek plataforma hori? Zein da balio-kaltea eta etekina? Nola kapitalizatzen da obraren erabilera edukiak sortzean? Plataforma berri horrek artistei eta diskoetxeei ekar diezazkiekeen negozio-aukerak eta aukera artistikoak bilatuko dute galdera horien erantzunetan.

Ezin bestela izan, gaurko egun osoan, sektorea pandemiaren ondorioei nola aurre egiten ari den aztertzen eta hausnartzen jarraituko dugu, eta, gainera, pandemia eragiten ari den kalteak arintzeko irtenbideak bilatzen saiatuko gara.

Gaur erakunde publikoen txanda izango da; gure artean izango dira NICDO (Navarra de Infraestructuras de Cultura, Deporte y Ocio), Institut Catala de Empresas Culturals, Bilboko Udala eta Madrilgo Udala, eta sektorerako zer plan dituzten azalduko dute, araugintzari dagokionez eta sustapeneko eta inbertsio publikoko neurriei dagokienez.

Bukatzeko, gaur hasiko da Bime City  jaialdia, eta Bilborock aretoan Baobabs Will Destroy Your World eta Juarez arituko dira; Sala BBK aretoan, berriz, Babykatze eta Kings of the Beach. Programa honen barruan, Pau Dones abeslariari buruzko ‘Eso que tú me das’ dokumentalaren proiekzioa izango da Golem zinemetan, eta Jordi Evole zuzendariak egingo du aurkezpena.

Radio 3 irratiak topaketan gertatzen den guztiaren berri emango du, eta protagonistekin zuzen-zuzenean ere hitz egingo dute, Euskalduna jauregian bertan. Gaur, asteazkena, Leyre Guerrerok eta Jose Manuel Sebastianek irratsaio berezia eskainiko dute, 17.00etan, eta bihar, osteguna, goizeko 9.00etan Hoy Empieza Todo irratsaioa Bilbotik egingo du zuzenean Marta Echevarriak.