Asier AIESTARAN

Pascal Ackermann garaile Aguilar de Campoon epaileek Sam Bennett zigortu ondoren

Deceuninck taldeko txirrindularia argi nagusitu da Vueltako bederatzigarren etapan, baina epaileek zigorra ezarri diote bere esprinta arauz kanpokoa izan delakoan. Aritz Bagues eguneko ihesaldian sartu da eta Jon Aberasturi zortzigarren izan da helmugan. Tropelak lasai hartu du eguna. [Sailkapenak]

Sam Bennett, garaipena ospatzen Aguilar de Campooko helmugan (Ander GILLENEA / AFP)
Sam Bennett, garaipena ospatzen Aguilar de Campooko helmugan (Ander GILLENEA / AFP)

Pascal Ackermann alemaniarrak irabazi du Vueltako bederatzigarren etapa, 157 kilometro Castrillo del Val eta Aguilar de Campoo artean, nahiz eta esprintean azkarrena Sam Bennett irlandarra izan.

Etapa amaitu eta minutu batzuetara, epaileek Deceuninck taldeko txirrindulariaren esprinta arauz kanpokoa izan dela erabaki dute, eta garaipena bigarren sartu den Borako ziklistari eman diote.

Amaierako aldaketa hori ez bezala, etapa lasaia izan da oso, tropelak atseden apur bat hartzeko erabili duena, eta espero bezala garaipena esprintean erabaki da.

Eguneko ihesaldia bi txirrindulariz osatua egon da: Burgos taldeko Juan Osorio kolonbiarra eta Caja Rural-RGA taldeko Aritz Bagues gipuzkoarra. Kilometro asko egin dituzte lasterketa buruan, baina uneoro argi egon da etapa garaipena lortzeko aukerarik ez zutela izango.

Beste munduko esfortzurik egin gabe, tropelak 22 kilometroren faltan harrapatu ditu ihes egindako bi gizonak, eta Aguilar de Campoo inguruko azken zirkuituan ez da inolako erasorik egon esprinta eragozteko.

Tentsio une bakarra Primoz Roglic eslobeniarrak azken kilometroetan izandako zulatua izan da, baina tropela oso lasai zihoanez Jumbokoak ez du inolako arazorik izan taldekideen laguntzarekin berriz ere aurrera heltzeko.

Azken lau kilometroetan sartzerakoan bizitu da apur bat erritmoa, eta Bora izan da batez ere esprinta prestatzeko lana egin duena. Baina azken zuzengunean sartuta, inork ezin izan dio itzal egin Sam Bennett irlandarrari.

Deceuninck taldekoaren bigarren garaipena zen aurtengo Vueltan, Ejea de los Caballerosen lortutakoaren ostean, eta lasterketako esprinter onena dela erakutsi du. Garaipena ospatzeko denbora ere izan du.

Baina azkenean bigarren sartu den Pascal Ackermann alemaniarrari eman diote garaipena, eta bigarren postua Lotto Soudal taldeko Gerben Thijssen gaztearentzat izan da, hirugarren sartu baita. Jon Aberasturi, Caja Rural taldeko euskalduna, zortzigarren sartu da helmugan eta azkenean zazpigarren postua izan da beretzat.

Sailkapen nagusian ez dago aldaketarik eta Richard Carapaz ekuatoriarrak jarraituko du lider.

Bihar hamargarren etapa izando dute, 185 kilometro Castro Urdiales eta Suances artean. Gaur baino gora-behera gehixeago ditu ibilbideak, baina ez litzateke harritzekoa izango beste esprint bat ikustea.