Arnaitz Gorriti

Gernika Bizkaiak azkenera arte estutu du Perfumerias Avenida liderra (72-64)

Etxetik kanpo orain arteko partidarik txukunena jokatu dute Mario Lopezen jokalariek. Azken minutura arte partida irabazteko aukerak izan ditu talde bizkaitarrak, baina jaurtiketa libre larregi hutsegin ditu.

Araskiren aurka baino askoz hobeto jokatu arren, ezin garaipenik pilatu Lointek Gernika Bizkaiak. (Endika PORTILLO / FOKU)
Araskiren aurka baino askoz hobeto jokatu arren, ezin garaipenik pilatu Lointek Gernika Bizkaiak. (Endika PORTILLO / FOKU)

PERFUMERIAS AVENIDA 72 - LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 64

Inork gutxien uste izan duenean, Lointek Gernika Bizkaiak bere benetako maila eman du baita Malostetik urrun ere. Non emango halako albiste ona, eta Salamancako Wurzburg pabilioian eman ere, Perfumerias Avenida liderraren aurka. Mario Lopezenek gorriak eta beltzak ikusi arazi diizkiote Emakumeen Endesa Ligako tiranoari. Memento txarretan bururik makurtu gabe, bizkaitarrek oso partida serioa jokatu dute eta seiortasun hori izan da Salamancakoak halako estuasunetan ipintzearen gakoa.

Atzetik joatea egokitu zaio gehienean talde bizkaitarrari, eta halako arerio gogorraren aurka, aldapa gora handia da hori. Alabaina, Bjorklund onena buru hartuta eta Nogaye Lo bikain uztaipean, Gernika Bizkaiak ez du sekula atzera pausorik eman. Hala ere, errebotea galdu du, asistentzia gutxiago eman ditu, baita baloi gehiago galdu ere, eta jaurtiketa libre larregi utzi ditu sartzeke: 19tik 12 sartu ditu bakarrik. Eta hori guztia aintzat hartuta, azken minutu erdira arte partida irabazteko borrokan izan da Gernika Bizkaia.

Bigarren laurdenean krisia nozitu du talde bizkaitarrak. Atsedenaldira 42-34 iritsi da neurketa eta esan zitekeen pixkanaka etxekoen aldera jausi behar zela. Bai, baina ez. Mario Lopezenek aurrera pausoa eman dute, Nogaye Lo, Roundtree eta Bjorklundek batez ere, eta neurketa ia berdintzeraino iritsi dira. Hori bai, beti atzetik izan dira bizkaitarrak eta zama astuna izan da beraien interesentzat.

Dena dela, azken minutura markagailua 67-63 dela iritsi dira talde biak, eta nahikoa urduritasun izan da Salamancakoen artean. Tamalez, Silvia Dominguen aurkitu du Perfumerias Avenidak eta antolatzaile txikiak hirukoa sartu eta neurketa behin betiko. Hala ere, bide hortatik jarraitu behar du etxetik kanpo ere garaipenak pilatzen joateko.

Igandeko partidak

Perfumerias Avenidaren aurka egurra jasotzea tramite ezatsegina da, baina pasa da. Alegia, donostiarrek joan den asteazkenean jazo zena ahaztu eta aurrerantz egin behar dutela. Alabaina, Estudiantes ez da aurkari batere gozoa izango, lehiaketa hasiera honetan maila oso ona ematen ari baita. Bosgarren postuan doaz madrildarrak uneotan, 5-3 balantzearekin; hau da, Azu Muguruzarenak baino garaipen bat gehiagorekin.

Sarritan esan den moduan, Estudiantesek eskarmentu handiko jokalariak fitxatu ditu aurtengo denboraldirari begira: Grettet, Nyngifa, Da Silva… aurrez ere gorengo mailan urteak eta urteak daramatzaten jokalariak dira, nahiz eta elkarrekin aurten dauden lehenbizikoz.

Dena den, IDK Euskotrenek bere jokoa ezarri beharko du madrildarren aurrean. «Talde osoagoa eta sendoagoa izaten ari gara azken bi asteetan», esan du horren harira Azu Muguruzak. Entrenatzailearen uste ona ez ezik, Mariam Coulibañy ere jokatzeko moduan izango du tald egipuzkoarrak, Perfumerias Avenidaren aurka kolpe bata jasan zuen arren.

Mendizorrotzan, berriz, lasaitu ederra hartuta azalduko da Araski bere zaleen aurrera. Lau porrot kateatu ostean, Kanaria handiari irabazi zion Madelen Urietaren taldeak, eta 3-5 balantzeaz sailkapen nagusiko azpitik hanka egitera lortu zuen asteazkenean. Hori bai, orkatila bihurritu zuen berriz ere Tamara Abaldek eta ikusi egin behar jokatzeko gai izango ote den.

Barrualdean du, bada, hain zuzen, Zaragozak bere punturik indartsuena; izan ere, Laura Nicholls baita Aragoikoen izar nagusia, Europan zehar hainbat urtez Emakumeen Ligatik at ibili ostean. Horrez gain, Markeisha Gatling da Zaragozaren beste izarra, batez beste 18,7 puntu eta 7,6 errebote eskuratzen dituelako.

Aragoikoek ere hiru garaipen pilatu dituzte bakarrik eta, gasteiztarremn antzera, gorantzko bidean ekitea izango da beren xedea.