Joseba Salbador Goikoetxea
Interview
Mikel Idoate
Izarra Ehorztetxea

«Heriotzaren inguruan dagoen ikuspegia aldatu behar dugu»

Pilotari profesionala izateari utzi ondoren, 2016. urtean Mikel Idoate txantrearrak Izarra ehorztetxea sortu zuen beste bazkide batekin batera, helburu argi batekin: heriotzaren inguruan gaur egun dagoen ikuspegia aldatzea. Eta ez doakio batere gaizki, bost urteren buruan hamar beilatoki zabaldu baitituzte dagoeneko Nafarroa osoan.

Mikel Idoate pilotari ohia, egun ehorzketa arloan lanean aritzen dena. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Mikel Idoate pilotari ohia, egun ehorzketa arloan lanean aritzen dena. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Nola erabaki zenuen hildakoen mundu honetara jauzi egitea?

Pilota profesionalean hasi nintzenean enpresa mundua ezagutzen hasi nintzen, eta ikuspegi berri hori gustukoa nuen. Garai hartan Zuzenbidea ikasten ari nintzen, eta karreratik aparte hainbat ikastaro eta hitzalditara joaten hasi nintzen, enpresari buruzko liburuak irakurtzen… 2014an eskuko lesioa izan nuen eta handik bi urtera gaur egun nire bazkide den Mikel Legarrarekin elkartu nintzen. Lehendik ezagutzen nuen pertsona zen, ehorztetxeen sektorea oso ondo menperatzen zuena, eta mundu horren inguruan zuen ikuspegi desberdinak asko erakarri ninduen.  

Eta bien artean ehorzketa enpresa sortzea erabaki zenuten.

Bai, 2016ko ekainean erabaki genuen aurrerapauso bat ematea, ehorzketen munduan zerbait desberdina egin ahal zela uste genuelako, hau da, bizitzaren eta heriotzaren inguruan dagoen ikuspegia aldatu beharra dagoela, eta hala sortu zen Izarra ehorztetxea, hemen Iruñeko Txantrea auzoan bertan.

Zeintzuk esango zenuke direla zuen enpresaren bereizgarri nagusiak?

Guk berrikuntza ekarri nahi dugu mundu honetara, hiru arlo desberdinetan: alde batetik, zerbitzu funerarioa ikusteko moduan; bestetik, enpresa ikusteko moduan; eta, azkenik, bizitza eta heriotza ikusteko moduan ere bai.  

Zein da zehazki hileta zerbitzuak ikusteko modu berri hori?

Gure iritziz hileta zerbitzuak hurbila izan behar du, bai fisikoki bai emozionalki ere. Fisikoki hurbila izateak esan nahi du herrian bertan egon behar duela kokatua, ez kanpoaldean. Herri askotan beilatokiak industria poligonoetan daude eta horrek erakusten du heriotza gure bizitzatik kanpo nahi dugula oraindik. Hori ez da leku duin bat beilatoki bat edukitzeko eta guk uste dugu herriaren erdigunean bertan egon behar dutela. Gainera, txikiagoak izan behar dute, ez adibidez hamar salakoak. Eta hurbiltasun emozionala aipatzen dudanean, esan nahi dut jakin behar dugula zerekin ari garen lanean. Orduan, garrantzitsua da familiarekin enpatia eta hurbiltasun erlazio hori sortzea, galdu duten senitartekoa nahi duten bezala agurtzen laguntzeko, eta ez ehorztetxeak nahi duen bezala, orain arte askotan gertatzen zen moduan. Zentzu horretan, pertsona baten agurra nolakoa izango den aurrez erabakita uzteko aukera ere ematen dugu.

Enpresa arloan, zein da zuen ikuspuntu berritzaile hori?

Alde batetik, esaten duguna da enpresak errotua egon behar duela bere herrialdean. Horrela, gure taldea %100 nafarra den enpresa funerario bakarra da, gaur egun multinazional asko ari baita sartzen sektorean. Horrekin batera, errotuta gaude joaten garen herri guztietan ere, tokiko hornitzaileekin egiten baitugu lan eta tokiko ohiturak gure egiten saiatzen garelako. Eta azkenik, berritzaileak gara enpresa barruko funtzionamenduan ere bai, gure langileei lan baldintza onak eskainiz, ekipo baten partaide senti daitezen.

Eta hirugarrenik, bizitza eta heriotza ikusteko moduan ere berritzaileak izan nahi duzuela aipatu duzu.

Bai noski. Guretzat oso garrantzitsua da heriotzaren desmitifikazioa. Ez da gauza ilun bat, eta horregatik espazio argiak eta kolore zuriak erabiltzen ditugu, baita gure autoetan ere. Beilatokiak ere irekiak dira, eta, hilkutxaren aurrean kristal bat badago ere, behin beilatoki barrura sartuta ez dago besterik, hilkutxa bakarrik. Horrekin batera, saiatzen gara ere gure ideiak gizarteratzen, eta horretarako hainbat hitzaldi eta jardunalditan parte hartzen dugu. Guk uste dugu heriotza naturalizatu egin behar dela gizartean. Horrek ez du esan nahi bromatan hartu behar denik, baizik eta zer den jakin eta gauza normal bat bezala onartu behar dela. Azken urteotan aurrerapausoak eman dira, baina oraindik askoz gehiago eman behar dira.

Noizbait entzun izan dizugu esaten bizitzako egunik inportanteena dela heriotza.

Bai, jaiotza egunarekin batera, bizitzako egunik garrantzitsuena heriotza eguna da. Horrekin esan nahi dudana da heriotza ere hor dagoela. Denok pentsatzen dugu momenturen batean heriotzan, baina jende asko existituko ez balitz bezala bizi da. Eta hor dagoela, zer den eta zer dakarren jakiteak, nik uste, hobeto eta kontzienteago bizitzen laguntzen digu.

Zuen taldean fundazio bat ere baduzue doluan laguntza behar duenari zerbitzua emateko.

Bai, Izarra taldera etortzen diren familiek dolua eramateko laguntza nahi badute, fundazioak zerbitzu hori eskaintzen die. Angel Albeniz psikologoak zuzentzen du eta, horretaz aparte, gure langileei ere formakuntza ematen die, baita beharra iritsiz gero laguntza ere, zenbait momentutan guk geuk ere «zaborrontzia hustu» behar izaten baitugu.

Bost urteotan zabalkunde handia izan du Izarra ehorztetxeak. Zenbat beilategi dituzue?

Uneotan hamar beilatoki ditugu, bi Iruñean eta besteak Nafarroako zortzi herritan sakabanatuta: Altsasu, Etxarri Aranatz, Elizondo, Doneztebe, Bera, Lizarra, Arroniz eta Allo. Errausketa laberik ez dugu, Nafarroan legeak ez duelako errausketa labe pribaturik izaterik baimentzen.

Pilota mundutik etorrita, zer-nolako esperientzia ari zara izaten, batik bat hain lanbide berezia izanik? Pozik al zaude hartutako erabakiarekin?

Bai bai, dudarik gabe. Pilotan ari nintzenean argi nuen momentu batean bukatu egingo zela, nik nahi baino lehenago bukatu bazen ere. Eta ehorztetxeen sektorea ezagutzea, egia esan, oso aberasgarria izaten ari da niretzat; ikasketa prozesu bat da eta niri behintzat lagundu dit heriotzarekin erlazio hobea izaten eta bizitza ere beste modu batera hartzen.  Momentu zail asko pasatzen dituzu, baina, gauzak ongi ateratzen direnean, oso pozgarria da. Ni oso pozik nago, batez ere lantalde izugarria dugulako. Egunerokoan beraiekin lan egitea oso pozgarria da, asko asetzen nau.