NAIZ

Ingalaterrak irabazi du azkenean Sei Nazioen Torneoa

Italia 5-34 menderatu du Erroman eta Irlandak aldiz 35-27 galdu du Parisen Frantziaren kontra. Munduko azpitxapeldunek azkenekoz 2017an lortutako garaipena errepikatu dute koronabirusak baldintzatu duen torneoan.

Ingalaterrako jokalariak, Italiaren aurkako partidan (Filippo MONTEFORTE / AFP)
Ingalaterrako jokalariak, Italiaren aurkako partidan (Filippo MONTEFORTE / AFP)

Ingalaterrak irabazi du 2020ko Sei Nazioen Torneoa, Erroman garaipena lortu eta Irlandak Parisen jasotako porrotari esker. Ingelesek, Munduko azpitxapeldunak gaur egun, Frantziarekin berdinduta amaitu dute sailkapenean baina lortutako puntuei esker azkenekoz 2017an lortu zuten azken garaipena errepikatu dute.

Ingelesak izan dira jokatzen lehenak, arratsaldean Erroman Italiaren aurka, eta bi selekzioen arteko aldea agerian geratu da berriz ere –Italiak jokatutako bost neurketak galdu ditu, gaurkoa 34-5–. Ben Youngsen hasiera indartsuak –lehen bi entseguak sinatu ditu– eta Owen Farrellen transformazioek neurketa erabaki dute ingelesen alde. Atsedenaldian 5-10ekoa zen emaitza, baina bigarren zatian ez da kolorerik egon.

Titulua, ordea, Parisen erabaki da, Frantziak eta Irlandak Saint Denisen jokatu duten neurketan. Irlandak nahikoa zuen irabaztea torneoa bereganatzeko, eta Frantziak 30 puntuko aldearekin garaitu behar zuen txapeldun izateko.

Azkenean ez da ez bata ez bestea gertatu. Frantziak 35-27 irabazi du eta torneoa, beraz, Ingalaterrarentzat izan da. Dupont, Ntamack eta Vakatawa izan dira etxekoen entseguak sinatu dituztenak, eta Irlandarentzat Healy, Henshaw eta Stockdale izan dira marra gainditzea lortu dutenak. Ntamacken kolpeak erabakigarriak izan dira.