NAIZ

Etiopiako gerrak Afrikako Adarra kaos betean amiltzeko arriskuan jar lezake

Nazioarteko dei eta kezkei jaramonik egin gabe, Etiopiako Armadak Tigray eskualdeko Mek’ele hiriburuko biztanleei ohartarazpena egin die: «Buruzagi errebeldeez askatu zaitezte edo errukirik gabe erasoko diogu hiriari». Hiru asteko borrokaldiak gerra betea bilaka litezke.

Tigray eskualdea utzi duten gerra errefuxiatuak. (Ashraf SHAZLY/AFP)
Tigray eskualdea utzi duten gerra errefuxiatuak. (Ashraf SHAZLY/AFP)

Antza, ez dago bake edo su-eten hipotetiko baterako aukerarik Etiopiako Tigray eskualdean. Armadak tankeak, hegazkinak eta artilleria prest ditu Mek’ele hiriburuari erasotzeko. Besterik da, baina, erasoaldia arrakastatsua izango den edo urte luzeetarako gerra bilakatuko ote den. Eta, batez ere, ea Etiopiako mugen barnean mantentzea posible izango ote den.

Etiopiako Armadak Tigrayren kontra erasotzea zaplazteko handia da Abiy Ahmed lehen ministroarentzat. «Legea ezartzeko operazio militarra» deitu dio orain gutxira arte nazioartean herrialdearen modernizatzaile gisa ikusia zen Nobel saridunak. Orain, errefuxiatu olde berri baten erantzuletzat eta, areago, Afrikako Adarrera kaosa ekar dezakeen gertaeraren arduradun nagusitzat joa izateko arriskua du.

Beldurra are handiagoa da; izan ere, Etiopia Libia bezala edo Jugoslavia zenaren antzera inplosio eta desintegrazio kiribil batean sartzeko aukera gero eta hurbilagoa, errealagoa, da.

Etnien mosaiko handia da Etiopia. Horien artean lehen ministroaren oromo etnia da handiena; ondoren amharak datoz, eta tigrinyak, somaliarrak bezala, biztanleen %5 dira. Berez, egungo gatazkak eztanda egin baino lehen, tentsio handiak zituen Etiopiako gobernu federalaren egiturak. Bi hamarkadatan gobernua eta armada beren menpe izan zituzten tigrinyak, egun, Abiy Ahmed gobernura iritsi zenetik, baztertuak eta biktimizatuak sentitzen dira.

Gerrarako baldintza guztiak

Borroka latzak gertatzen ari dira eta Europar Batasuna eta AEBak oso kezkatuta azaldu dira Etiopiako «demokrazia eta lurralde batasuna» ataka larrian daudelako, eta errefuxiatu olde berri handi batek Europa «kolpatu» dezakeelako. Hauteskundeak, pandemiak atzeratu dituenak, hurrengo urtean egitekoak dira, baina ez Tigray Askatzeko Herri Fronteak ez Addis Abebako gobernuak ez dute kanpoko ohartarazpenik entzuten.

Gorreria horren erdian, gerraren kiribila handitzen ari da eta Tigray eskualde menditsutik kanpo zabaltzeko arriskua gero eta handiagoa da. Tigraytik suziriak botatzen dituzte Amhara etniaren lurraldeetara eta Eritreara –Etiopiako armada tigrinyek kontrolatzen zutenean 20 urtez herrialde horren kontra borrokan aritu ziren–. Errefuxiatuak ihesi doaz Hego Sudanera, berez tentsio hilgarri ugari dituen herrialdera.

Hortxe bertan dago Sudan, Etiopiarekin gerra hastear Etiopiaren Niloko urtegi handiaren eraikuntzak herrialdea ur eskasian utz dezakeelako. Somaliatik, Etiopiak islamisten aurka borrokatzeko milaka soldadu dituen herrialdetik, kezkatuta begiratzen dute, hau soldaduak erretiratzen hasi delako Tigrayn borrokatzeko. Eta itsasoaren beste aldean Yemen dago, saudiar eta arabiar emirerrien aurkako gerra odoltsuan.

Bitartean, Errusiak, Turkiak, Txinak… ari dira base militarrak eraikitzen Afrikako Adarreko eskualde horretan. Frantziak eta AEBek bazituzten. Osagai guztiak mahai gainean daude gerra handi bat lehertzeko.