NAIZ

LABek eta Ernaik gazteen prekarietatea salatuko dute ‘Black Friday’ egunean Iruñean

LABek eta Ernaik mobilizazioa antolatu dute datorren ostiralerako Iruñean, ‘Black Friday’ eta «gisako ekimen kapitalistek» gazteak prekarietatera eta «etorkizun beltzera» kondenatzen dituztela salatzeko.

Decathlonen aurrean egin dute agerraldia LABek eta Ernaik.
Decathlonen aurrean egin dute agerraldia LABek eta Ernaik.

LAB sindikatuko eta Ernai gazte antolakundeko hainbat kidek agerraldia egin dute Decathlon enpresak Berriozarren duen saltoki handiaren parean, gazte langileen prekaritatea salatzeko heldu den ostiralean Iruñean egingo duten mobilizazioaren berri emateko.

Salatu dutenez, ‘Black Friday’ eta «gisako ekimen kapitalistek kontsumismo basatia» sustatzen dute eta «milaka langile gazte, emakume eta migratzaile ‘erabili eta botatzeko langile’» bilakatzen dituzte. «Bizi baldintza eta lan baldintza tamalgarrien sinonimoa da ‘Black Friday’», adierazi dute, eta honakoa erantsi: «Erabateko behin-behinekotasuna dakar, partzialtasuna, estaldurarik eza eta gizarte prestaziorik eza. Etorkizun beltzera kondenatzen gaitu».

Hala, «Etorkizuna argitzera goaz» lelopean mobilizatzera deitu dituzte gazte langile gazteak heldu den ostiralean, Iruñean. Hitzordua 19.00etan jarri dute, Entzierroaren monumentuaren parean, Karlos III.a etorbidean.

Eman dituzten datuen arabera, Nafarroa Garaian gazte langileen langabezia datuak «gero eta tamalgarriagoak» dira. Urriko datuen arabera, 2020ko otsaileko datuekin alderatuta, 25 urtetik beherako 1.331 gazte gehiago daude lanik gabe, %42ko gehiago. Guztira, Nafarroan 25 urtetik beherako 4.515 gazte daude langabezian, agerraldian adierazi dutenez.

LAB eta Ernairen iritziz, ‘Black Friday’ eta gisako ekimenek ez dituzte halako zenbakiak zuzenduko. «‘Black Friday’ ez da egun soil bat, aste oso bat baizik, mugarik gabe kontsumismoa ospatzeko, gure bizitzak eta emozioak diruaren eta kontsumoaren bidez merkaturatzeko. Alde batetik, multinazional handien (Media Markt, El Corte Ingles, Amazon, Inditex, ...) diru-sarrerak mugarik gabe handitzeko estrategia kontsumista bat da, merkataritza txikia suntsituz. Bestetik, gure bizi-erritmoa bizkortzea. Gero eta denbora gutxiago dugu atseden hartzeko, gozatzeko eta zoriontsu izateko. Denbora guztia lan egiteko eta kontsumitzeko erabiltzen dugu», ohartarazi dute.

«‘Black Friday’, beraz, dirua eta kontsumoa da, gutxi batzuentzako mozkinak handitzea», laburbildu dute.