Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Yurre Ugarte ‘Lilurabera’ ipuin bildumarekin itzuli da idazketara

Zortzi ipuin aske bildu ditu ‘Lilurabera’ (Alberdania) izenburupean Yurre Ugarte idazleak bere azken lanean. Ia protagonista guztiak emakumeak dira, eta denak dira artistak, sortzaileak. Haien bidez egingo du hausnarketa liluraz, honen atzean ezkutatzen den gizakiaren zaurgarritasunaz.

Yurre Ugarte idazlea, ‘Lilurabera’ lan berriarekin. (Gorka RUBIO I FOKU)
Yurre Ugarte idazlea, ‘Lilurabera’ lan berriarekin. (Gorka RUBIO I FOKU)

Bat izan ezik, Yurre Ugarteren azken protagonista guztiak emakumezkoak dira, eta denek dute ogibidea artea eta sorkuntzaren alorrean. Kultur kudeatzaile bat, argazkilari bat, kazetari bat, diseinatzaile bat… Oso bestelakoak diren pertsonaia eta haien bizitzen bidez eramango gaitu tolosarrak liluraren gainean hausnarketa egitera. Zerk liluratzen gaitu? Zerk ez gaitu liluratzen, eta zergatik? Lilurarena izan da misterioa, erronka, arakatzeko zuen gaia… dudarik ez zegoen izenbururaino eraman behar zuela.

«Liluraberatasunak erakartzen nau, zeren esan ohi denez, lilurak gizakion zaurgarritasuna agerian uzten du, eta hori esploratzea asko interesatzen zait. Ipuinotako protagonistak emakumeak direnez, gainera, lilurak emakumeongan beste ezaugarri zehatz batzuk hartzen ditu, eta emakume horiek artistak edo sortzaileak direnez, are gehiago», azaldu du astelehen honetan, Donostian egindako aurkezpenean.

Lilurapean dabiltzan pertsonak dira Ugartek sortu dituenak, edo garai batean ibili zirenak, eta horri buruzko kontakizuna egiten du. «Idatzi nuen azkeneko ipuinean, ‘Arintasuna’ izenekoan, protagonista den argazkilariak eskuartean darabil liburu bat non lilurari buruzko hausnarketa bat agertzen den. Susan Sontag-en liburua aipatzen du pertsonaiak. Pertsonaiak berak eraman ninduen liluraren inguruko hausnarketara», adierazi du, aipatu pertsonaiak bere kabuz eraman duelakoan, idazleak berak kasik hala nahi izan gabe, liluraz mintzatzera. Eta zentzu horretan, akaso, badago planifikatuta ez dagoen zerbait idazketan beran, zeren onartu duenez, lan berriaren lehendabiziko ipuina idatzi zuenean ez zegoen liluraren kontzepturik. «Ez ditut idatzi pentsatuz ‘lilurari buruz idatziko dut’. Ez, ez da horrelako ezer izan», erantsi du. Lilura, hain justu, ez da kausa izan, ondorioa baizik.

Zorrotasun narratiboa

Pertsonaiak arruntak sortzen ditu Ugartek, edonor izan zitekeen, eta egunerokotasun arruntetan murgiltzen ditu, arruntak diren arazo, aldapa eta zorionekin. Jorge Gimenez Bech editoreak beste behin erakutsi duen «zorroztasun narratiboa» goraipatu du, baita ere «pertsonaiak antzeztokian maneiatzeko erakusten duen trebetasuna». «Elkarrizketak ontzeko modu eraginkorra du, giroak, garaiak eta ingurumariak erretratatzeko abilezia».

Pertsonaiak pop kulturaren alabak dira, kultura popular gisa ulertuta. Artistak dira, bai, baina aldarrikapen bat badago atzean: «jende normala dira», esan du Ugartek.  «Kapitalismo eta kontsumismo garaiotan, kontraste bat ere sortu nahi nuen, eta da haiek sortzen dituzten piezek lilura eragiten duten bitartean, prekarietatean bizi direla. Beren bizitzetan dituzten zailtasunak interesatzen zaizkit», azpimarratu du.

Arteaz gain, bereziki presentzia oso garrantzitsua du, liburu osoan zehar, musikak. Eta beste hari amankomun bat aipatu behar izanez gero, «memoria» erantsi du. «Protagonista gehienek atzera begiratzen dute uneren batean. Zerk ekarri ditu gaur egungo egoerara? Iraganean zerk sortu zien lilura?».

Zortzi ipuin direla esan arren, komeni da ñabardura, izan ere lehen zazpi ipuinak erabat fikzio diren bitartean, azkena idazteko bere iraganean arakatu du egileak. ‘Kathy, Lydia, Wilma’ izenburuarekin, Ugartek «bizi kondaira literario-musikal bat» proposatzen du. «80. hamarkadan ni liluratu ninduten musika eta literaturen berri eman dut». Ez da fikzioa, baina badu fikziotik, eta kronikarekin nahastuz egin du, nahiz jakin «oso praktika arriskutsua dela». Zergatik planteatu diot nire buruari erronka hori?», galdegin du. Eman ditu segidan azalpenak: «Batetik, kronika apur bat fikzionatu horrek erabateko fikzioa dirudielako eta, bestetik, begitandu zaidalako iragana, testu horretan, fikzioaren mugetan jolasean dabilela». Arrisku «extraliterario» bat ere hartu du bere gain azken testua idaztean, izan ere, kronika egitean «sozializatu egiten duzu zurea dena», aitortu du.