4. Euskal Liburu eta Disko Azokak hartuko du Ziburuk

Date

06.03.23 - 06.03.23

Place

- ziburu

Ziburuko Liburu eta Disko Azokan iaz hartutako irudia.
Ziburuko Liburu eta Disko Azokan iaz hartutako irudia. (Guillaume FAUVEAU | FOKU)

Plazak euskara hutsez betetzeko gogoz sortu zen Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokak laugarren edizioa beteko du ekainaren 3an, larunbata. Egitasmoak euskara hutsezko ekoizpenak biltzea du xede eta mugaren bi aldeetako argitaletxe, idazle, musikari eta eta bisitariak batzea ere bada bere helburuetako bat

Izan ere, azoka euskara sustatzeko lanabes moduan ikusten dute antolatzaileek: «Ez gaitezen engaina: larria da euskararen egoera. Mugaz honaindian eremua galtzen ari da gure hizkuntza. Ez dezala inork horretan deus natural edo berezkorik ikus. Hemen ez da halabeharrik, hautu politikoek ekarri linguizidioaren ondorioak baizik», salatu dute Baltsa elkarte ziburutarrak eta Argiak, antolatzaileek.

Hala, euskararen biziberritzean urrats bat gehiago izan nahi du Azokak eta, larunbatean, 450 metro koadroko karpan ezarriko diren 112 erakusmahaik euskarazko produktu ezberdinak eskainiko dituzte: 36 argitaletxek euren eskaintza erakutsi eta 90 nobedade, denak 2023koak, eskainiko dituzte.

Horrez gainera, ekitaldi kultural eta aurkezpen karpa ere egingo da eta baita kontzertuetarako oholtza ere: sei liburu aurkezpen eta bost kontzertu izango dira, baita haurrentzako emanaldi bat eta umorezko saioa ere.

Egitaraua

Irekitze ekitaldiaren ostean (10.00), Luzien Etxezaharreta (Maiatz) eta Leire Lopez Ziluaga (Susa) editoreen hitzaldia (10.15) eta Maddi Zubeldia eta Bernadette Luroren haurrentzako ‘Makilakixki’ ikusgarria (11.00) izango dira.

Lehen liburu aurkezpenak etorriko dira ondotik: Eli Pagola eta Maitane Gartziandiaren ‘Ño’ komikia (11.30) eta Ur Apalategi, Jokin Apalategi eta Paulo Iztuetaren ‘Maite Idirin, herrigintzan kantuz’ ostean.

‘Zirriborroka’ bertso-marrazki deman Marrakatue eta Aitor Txarterina Unai Iturriaga eta Maddalen Arzallusen aurka leihatuko dira (12.30) eta, bazkalostean –azoka itxita egongo da 13.00etatik 15.00etara–, ‘Euskal prentsa’ erakusketaren irekiera etorriko da.

Maryse Urrutyren umorezko saioaren ostean (15.30) liburu aurkezpen sorta berria hasiko da: Xan Idiarten ‘Nostalgia ez da salgai’ (16.00), Eneko Bidegainen ‘Bichta éder’ (167.30), Antonio Turielen ‘Petrokalipsia’ (Joseba Barriolak itzulia, 17.30) eta Mari Luz Estebanen ‘Haragizko erreformak’.

Egunean zehar hainbat kontzertu ere izango dira: Peio Erramuzpe (14.00), Adrian Perez (15.00), Patxuko Nice (16.30) eta Ixabe (18.30).

Azoka 19.00etan itxiko da eta azken ekitaldia Adar taldearen kontzertua izango da, 20.00etan.

Location

Pilota plaza
pl du fronton
ziburu.