Donostiako Piraten eskutik musika askea Flamenkan

Date

08.10.24 - 08.17.24

Place

Gipuzkoa - Donostia

Sara Socas abeslariak rap giroko emanaldia eskainiko du.
Sara Socas abeslariak rap giroko emanaldia eskainiko du. (ANA BELTRAN)

Laranja koloreko afitxean zabaldu dute Donostiako Piratek aurtengo Aste Nagusiko musika eskaintza. Azken urteetan bezala bi gune nagusietan burutuko dira zuzenekoak, eta Portuko Flamenkan eta Trini plazan ospatuko dira kontzertuak gaueko 23.05etik aurrera. Guztira 25 musika proposamen ikusteko aukera dago Aste Nagusiak iraungo duen zortzi gauetan zehar, eta urtero legez, askotariko doinuak entzun ahalko dira Piraten gune askeetan.

ABUZTUAK 15 OSTEGUNA
Ostegunean bi musika proposamen ausart ikusteko aukera izango da. Gaualdia zabaltzen, Nafarroatik Burutik taldea ariko da. Dagoeneko zazpi urteko bidea egin du bandak, eta argitaratu duten disko bakoitzean zerbait berria proposatu dute. Banda gaztea izan arren, badute eskarmentua, eta hori erakutsiko dute akordeoiak gidatzen duen pop rock doinu gozoekin. Goizaldeko 01.00etan Nakar taldeak hartuko du eszena, Donostia bertatik, post-punka eta elektronika giroetan barna. Laster argitaratuko da taldearen disko berria, eta bitartean debuteko ‘Lore eta laban’ izango dute zuzeneko kantu zerrendaren zutabe.

ABUZTUAK 16 OSTIRALA
Ostiral gauean, berriz, gitarrak zorroztuko dira Flamenkan. 23.05etan Pelax banda ariko da zuzenean aurten kaleratu duten ‘Esan gabe Doa’ diskoa besapean. Garapen handiko rocka, base erritmiko indartsua eta gitarra beroak proposatzen ditu banda donostiarrak, zuzenean eztanda egiteko prest diren kantuetan. Distortsioaren bidetik iritsiko da ondorengo taldea: Belako. 01.00etan taularatuko da Mungiako banda, eta ‘Sigo Regando’ diskoaren kantuekin batera, azken hamarkada honetan egin dituzten klasikoak joko dituzte emanaldian.

ABUZTUAK 17 LARUNBATA
Abuztuaren 17koa azken musika gaua izango da La Flamenkan. Gaueko lehen protagonista Sara Socas izango da. Kanariar uhartetatik datorren rap abeslaria da honakoa, Freestyle giroetan, errima eta erritmo bizietan. Bestelako erritmoetan amaituko da gaua Juantxo Skalari & La Rude Band taldearen ska, reggae eta rocksteady giroekin.

Trinian, afalondoren

Azken urteetan egin bezala Trini plazan ere zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da afalondoren. Musika eskaintza anitza prestatu dute Piratek, eta gauero doinu anitzak izango dira nagusi. Lehen gauean Rukularen rock instrumentala eta K. TTipiaren musika pintxadaz gozatzeko aukera izango da. Igandean Dj Dultze Meneoren musika saioa, eta astelehenean Andoni Ollokiegiren ikuskizuna. Asteartean pop doinuak izango dira nagusi Aria musikariaren saioarekin, eta asteazkenean La Jodedera taldearen erritmo kubatarrek girotuko dute gaualdia.

Ostegunean Felix Rudiger eta Vincent Bestaven musikariak ariko dira, bi gitarretara. Ostiral gauez Eraul egitasmoa taularatuko da, aspaldiko partez, banda formatuan eta kantu berriak besapean. Triniko azken emanaldia abuztuaren 17an izango da, giro akustikoetan datozen Elene eta Anuk musikari gazteen eskutik.

Location

Flamenka gune pirata
Portua
Donostia. Gipuzkoa

Links