Euskadiko Orkestra lehen aldiz arituko da Polonian lau kontzertuko biran

Date

03.28.23 - 03.31.23

Place

Polonia - Varsovia

Ostiral honetan egin dute musikariek azken entsegua.
Ostiral honetan egin dute musikariek azken entsegua. (Jon URBE | FOKU)

Poloniako musika klasikoko jaialdi garrantzitsuenetakoa da Beethoven Jaialdian. Bertan programazioko buru izatera gonbidatu duten Euskadiko Orkestra. Varsovia, Wroclaw, Krakovia eta Katowice bisitatuko ditu martxoaren 28tik 31ra.

Izurria lehertu zenetik, Orkestrak atzerrian egingo duen lehen bira da eta musika klasikoaren Europako jaioterrietako batera izango da.

Beethoven Jaialdia 1997an sortu zuten Krzysztof Penderecki konpositoreak, duela hiru urte zendu zenak, eta haren emazte Elzbieta Pendereckak, egun instituzioaren presidente dena.

«Beethovenen Aste Santuko Jaialdiak Robert Treviño zuzendariarekin duen harremana funtsezkoa izan da Euskadiko Orkestra gonbidatzeko. Kartelburu izango da musika klasikoko Poloniako jaialdi garrantzitsuenetako batean. Orkestrak 5.400 pertsonaren aurrean joko du, lau entzunaretoetako lekuak batuz, eta ia sarrera guztiak salduta daude. Horrenbestez, agerikoa da Euskadiko Orkestraren bisitaldiak piztu duen interes handia», adierazi dute orkestratik.

Robert Treviñoren zuzendaritzapen ariko dira musikariak.  «Zuekin partekatu nahi dut gure Europako bira harrigarria, Poloniara egingo duguna. Beethoven Jaialdira joango gara, Polonia osoko jaialdi garrantzitsuenetakoa dena, herrialde osoan kontzertu asko dituena eta Elzbieta Pendereckak antolatua, Krzysztof Penderecki konpositore ospetsuaren emazteak. Penderecki senar-emazteak eta nik aspaldi xamarretik ezagutzen dugu elkar urte dezentez ibili naizelako Polonian zuzendari-lanetan, ia hamarkada batez, eta askotan aritu naiz jaialdi honetan. Iaz izan nintzen jaialdian azken aldiz, eta Elzbietarekin hitz egin nuen eta esan zuen: ‘bene-benetan nahi dut zure Euskadiko Orkestra ezagutu’. Eta esan nion: ‘primeran, goazen’. Beraz, orain orkestra eta ni joango gara, eta gure euskal konpositore gogokoenetako bat aurkeztuko dugu, Ravel. Boléro eta Pavane aurkeztuko ditugu. Hau gure nazioarteko zabalkundearen ondorioa ere bada, Ondinekin egindako grabaketek eman digute zabalkundea, harrera bikaina izan baitute eta arreta handia jaso du orkestrak. Eta programaren bigarren zatian, Mahlerren Bosgarren Sinfonia aurkeztuko dugu», kontatu du zuzendari estatubatuarrak.

«Orkestrarekin hemen egon naizen garaian Mahler asko interpretatu dugu eta nahiko ezagun egin da konpositore handi honen musikaren gure interpretazioa. Gainera, oso musika energikoa da, Euskadiko Orkestraren indar osoa erakusteko paregabea. Biran joatea oso garrantzitsua da kultur erakunde gisa, Euskal Herriko musika-erakunde enblematiko gisa. Garrantzitsua da Euskal Herriarentzat balio kulturalak ez ezik, musika-balioak ere kanpoan erakustea, eta beste pertsonekin elkarrizketa eta elkartrukea izatea. Hortaz, aukera garrantzitsua da guztiok elkar ezagutzeko bakearen eta kulturaren bidez. Zubiak eraikitzea, musikaren bitartez. Oso bira trinkoa izango da lau kontzerturekin. Varsovian hasiko da Beethoven Jaialdiaren kontzertu nagusian. Ondoren, Wroclaw, Krakovia eta Katowicera joango gara. Hiri harrigarriak dira, kontzertu-areto ikusgarriak eta publiko oso gogotsuak dituzte, eta gure orkestra ikusteko grinaz egongo dira», jarraitu du.
 
Programa anbiziotsua

Orkestrak «anbizio handiko» musika programa prestatu du Ravelen euskal musika eta Mahlerrena uztartzen dituena. Egitarau berbera eskainiko dute hiri guztietan.

Batetik, Maurice Ravel orkestrak aldarrikatzen duen konpositoreetako bat da, euskal kulturaren adierazgarri gisa. «Konpositore ziburutarraren orkestrarako hamaika lan garrantzitsuenak biltzeko, Euskadiko Orkestrak bi disko monografiko grabatu ditu berriki Ondine zigilu finlandiarrareen. Horietako batek, ‘Pavane pour une infante défunte’ izenekoak, Poloniako kontzertuak abiaraziko ditu. Ondoren, mundu osoan ezin ezagunagoa den ‘Boléro’ interpretatuko dute, baina Euskadiko Orkestrak azkenaldian aurkeztu duen begirada berritik, Ravelen euskal alderditik», esan dute, orkestraren arduradunek.

Kontzertuetako bigarren zatiko protagonista Gustav Mahlerren ‘5. Sinfonia’ izango da. «Dimentsio eta zailtasun handiko lana da, baina Euskadiko Orkestrak oso ondo prestatuta dauka, duela zenbait aste denboraldiko kontzertuetan eskaini baitu. Mahler Robert Treviñoren aurkezpen-gutuna da, eta haren ‘4. Sinfonia’ren bidez aurkeztu zuen bere burua Euskadiko Orkestrarekin 2018an, baita Linzen, Munichen eta Bregenzen bidez ere», gaineratu dute.

Prestatu duen programaren bitartez, Euskadiko Orkestrak, alde batetik, Euskal Herriaren kultur enbaxadore izan nahi du atzerrian, eta, bestetik, erakutsi nahi du potentziala eta indarra duela Europako zirkuituaren orkestra handiekin neurtzeko.
 
Ostiral honetan egin dute musikariek azken entsegua. Astelehenean abiatuko dira bidaian. Entseguetako egun hauetan batuta Juanjo Oconek hartu duen arren, Robert Treviño zuzendari titularrari itzuliko dio Poloniako biran.

Emanaldien xehetasunak webgunean aurki daitezke.

Location

Filharmonia Nadorowa
Jasna 5, 00-950
Varsovia. Polonia