Euskal Herriko emakume sortzaileen azoka ibiltariak Durangon egingo du geldialdia

Date

06.11.23

Place

Bizkaia - Durango

Hainbat emakume sortzailek bere lana erakutsiko du Durangon.
Hainbat emakume sortzailek bere lana erakutsiko du Durangon. (DINAGU)

Euskal Herriko emakume sortzaileen azoka ibiltariak badu geltoki berria. Durangaldera iritsiko da Dinagu elkarteak antolaturiko azoka berezia. Hitzordua ekainaren 11n da eta Durangoko Euskal Jaiaren egitarauaren barnean sartuko da ekimena.

Guztira 51 postu ezberdinez osatua egongo da eta era guztietako produktu eta jakiak ikusi, ukitu, dastatu eta erosi ahalko dira. Oraingoan gainera, ez dira sortzaileak bakarrik etorriko. «Durangaldeko Soloko Nekazal Elkartearekin elkarlanean, sortzaileentzako ez ezik, Euskal Herriko emakume jaki ekoizle txikien plaza ere bihurtuko da Durangoko Merkatu plaza. Gurean kontsumitzeko modu alternatiboa badela erakusten duen azoka da», adierazi dute sustatzaileek.

«Uda ate joka dugula, orratzak zorrotz, eskuak buztinez beteta edota labeak ogi eta gaileta goxoz beteta dituzte Euskal Herriko hainbat emakume sortzaile eta jaki ekoizle txikik. Ez daude geldi, badakite eta zita garrantzitsua dutela laster. Eskuz eginiko arropez, ukendu eta xaboiz, jostailuz edo bitxiz beteko dituzte beraien nomada bidaia hasteko kutxak sortzaileek. Ogiz, kontserbaz, gaztaz, yogurthaz edota lurrak emandako landare bereziz berriz jaki ekoizleek», diote.

Bide luzea

Azpeitian ekin zion azokak bideari eta Gernika, Donostia, Laudio, Iruñea, Oñati, Sara, eta Tolosatik pasa da. 

Azoka ibiltariak hango eta hemengo sortzaile ezberdinak plaza berean elkartzea du helburu, eta elkarren zaintza eta goxotasunez, lanbide honen duintasuna erdigunean jarri eta herritarrei kontsumo alternatibo baterako bidea erakustea.

Hirutxoak, MRLaspiur, Eskune, Lamia Biocosmetica, Lavandula, Amalur, GoraKat, Suma Flower Crafts, Hyle, Oihele, Memiimo, Pott keramika + Isla Pitxiak, Lohiart keramika, Maiur, ZizkaMizka, Madd moda, Malen Pazos, Marimatraka9, Birak, Sualma, Iraia Okina irudiak, Bihurri, NaturalKiller, Garoa Ilustrazioak, Osabi Naturala, Amlu, Kaori, Ehule, Luma Modaetikoa, Koöl eta Berexiart izango dira sortzaileak. Olatxuko Laboreak, Garai Garagardo eta Kontserbak, Belaze baserriko zaporeak, Errastiko Ogia, Bejondeizuela, Koska Gozoak, Patxikobaso Baserria, Urien-Anbe, Milorri, Otxauntz, Milika Fruitu izozkiak, Baskaran, Estakua, Txaramela, Safranlilia eta Irrika Gluten Free berriz jaki ekoizleak. Bertakoa kontsumitzeko aukera berezia beraz.

Goizeko 11.00etan hasi eta arratsaldeko 17.00ak arte izango dira postuak zabalik. Eguerdian mokaduren bat jateko aukera ere izango da Amillenako emakumeek sortutako pintxoekin. Sarrera doan da.

Location

Merkatu Plaza
Merkatu Plaza
Durango. Bizkaia