Familia ereduei buruzko sit-com poetikoa eszenaratuko du Metrokoadroka kolektiboak

Date

11.20.22 - 04.30.23

Place

Gipuzkoa - Azpeitia

Antzerki obrak Azpeitian ikusiko du argia igandean.
Antzerki obrak Azpeitian ikusiko du argia igandean. (Mendi URRUZUNO)

‘Zeozertan dabil baina ez dakit zertan’. Hauxe Metrokoadroka Sormen Laborategiaren proposamen eszeniko berria. Igande honetan ikusiko du argia 19.00etan. Agertoki berezian izango da, Azpeitiako Euskarazko Antzerki Topaketatan. «Sormen prozesuaren zati bat Azpeitian egin dugu. Eta topaketak hitzordu garrantzitsua dira euskaraz lan egiten dugunontzat. Ez dago horrelako erakusleihorik Euskal Herri osoan. Guretzat inportantea da bertan egotea denon presentziarekin indartzeko hitzordua», nabarmendu du Oier Guillan, antzezlanaren zuzendariak.

Etxe bat, edozein etxe. Egongela bat, edozein egongela. Bertan, hiru lagun, elkarri galdezka: «Gu familia bat gara?». Antzezlana hasi eta ikusleak ez du argi izango zein den hiru pertsonaien arteko harremana, baina bere ekintzen harira joango da deskubritzen hiruko honek ezkutatzen duena.

Edurne Azkarate, Maite Aizpurua eta Javier Barandiaran ikusiko ditugu eszenan. Marina Suarez eta Oier Guillan aritu dira zuzendaritza artistikoan. «Lantalde berria da. Aurretik elkarrekin lan egin gabeak gara eta pozik gaude egindako bidearekin», esan du.

Ozaetako Garaion Sorgingunean, Azpeitian –Dinamoan eta Soreasu– eta Errenteriako Lekuona Fabrikan egindako egonaldietan ondu dute lana.

Sarrerak webgunean eros daitezke.

Location

Soreasu Antzokia
Soreasu Auzunea
Azpeitia. Gipuzkoa