Iurretak hartuko du Euskal Herriko Eskolarteko finala

Date

06.03.23

Place

- Iurreta

Eskolarteko saio bateko argazkia.
Eskolarteko saio bateko argazkia. (BERTSOZALE ELKARTEA)

Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa jokatuko da datorren larunbatean, ekainaren 3an, Iurretan, eta lurraldez lurralde apiriletik jokatutako eskolartekoetatik sailkatutako hamar bertsolari gazte arituko dira kantuan.

Hain zuzen, Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez, Gipuzkoatik, June Aiestaran eta Danel Etxeberria arituko dira; Nafarroatik, Kattin Madariaga eta Eki Mateorena; Arabatik, Maddi Agirre eta Sabin Abarrategi; Bizkaitik, Haizea Telleria eta Ixone Asategi, eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako ordezkariak Haira Aizpurua eta Ibai Lekuona izango dira.

Nabarmendu dutenez, «giro politean» jokatu dira Euskal Herri osoan eskolartekoak, hala kanporaketak nola finalak. Horregatik espero dute Iurretako finalean ere herrialdeetan izandako «giro beroa» izatea.

Sarrera doan izango da eta gonbidapenak dagoeneko eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Ekainaren 3an 11.30ean hasiko da Euskal Herriko Eskolartekoa Iurretako frontoian, eta saioa amaitutakoan mokadua eskainiko da eta bertaratutakoen artean zozketa bat ere egingo da.

Bertsozaletik azaldu dutenez, Eskolarteko txapelketaren helburuak, sorreratik, gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea eta adin horretako haur eta gaztetxoak entzulearen aulkitik zaletzea izan da. Bertsoaren bidez ikastoletan euskara eta euskal kultura sustatzea izan zen ekimen honen sorrerako sena.

2014an Euskal Herriko bertso-eskolekin Eskolartekoari buruzko gogoeta bideratu zuten Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak, eta elkarrekin egindako prozesu horretan finkatu ziren egun Eskolartekoak dituen oinarri nagusiak.

Location

Iurretako frontoia
Frontoia
Iurreta.