Magrebeko eta Ipar Afrikako sorkuntza garaikidea, Tabakaleran
Date
05.05.26 - 06.14.26
Place
Gipuzkoa - Donostia

Tabakalerak ‘Nafidha. Magreb irudikatua’ jarduera sorta abiatu zuen joan den martxoan, Magrebeko eta Ipar Afrikako sorkuntza garaikidera hurbiltzeko asmoz, eta programazioak jarraipena izango du ekainaren 14ra bitarte.
Maiatzaren 5etik 24ra, Fermin Muguruzak komisariatu duen ‘Ireki leihoak’ proiekzio programa eskainiko da erakusketa-aretoan:
Maiatzaren 20an, 19.00etan, ‘Next Music Station: Tunisia’ atala proiektatuko da, eta, ondoren, filmeko protagonista Badiaa Bouhrizi artista tunisiarrarekin solasaldia egingo da.
Maiatzak 21, Badiaa-k kontzertua emango du Kutxa Klubean, 20.00etan (sarrera: 10 euro), Kutxa Fundazioarekin lankidetzan.
Maiatzeko programazioak bestelako proposamenak ere hartuko ditu. Hasteko, maiatzaren 6an, 19.00etan, ‘Gazteria, migrazioa eta subiranotasun narratiboa: nork kontatzen du Maroko gaur egun?’ mahai-ingurua egingo da. Bertan Z belaunaldiak Marokon dituen erronka sozial, ekonomiko eta identitarioak ikusarazteko eta zalantzan jartzeko komikia eta argazkigintza funtsezko tresna bihurtu ote diren aztertuko dute Soraya Aybar Laafou kazetariak eta Zineb Koutten eta Zainab Fasiki sortzaile marokoarrek.
Maiatzaren 8an, 18.00etan, Tabakalerako erakusketa-aretoan ‘Alshams’ ekimena aurkeztuko da, Medialab Tabakaleraren eta Villa Salia proiektuaren arteko lankidetzari esker garatua. Proiektuaren ardatz nagusietako bat zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboak ikusaraztea eta haien ahotsak zabaltzen laguntzea da.
Maiatzaren 13an, 19.00etan, Tania Safura Adam ikertzaileak hitzaldia eskainiko du, ‘Archivo Interrumpido: Espainia Beltzetik Artxibo Beltzetara, edo nola konpondu etorkizuna’ izenburupean. Safura Adamek erreparazioa izango du hizpide, ondare kolonialen aurrean memoria eta artxiboa zeharkatzen dituen praktika kritiko gisa planteatua.
Maiatzaren 26tik ekainaren 14ra, Harrotu ileak kolektiboak identitatearen eta migrazioaren inguruko programazioa aurkeztuko du. Nabil Aniss eta Lucia Feuillet artistekin elkarlanean sortutako ‘In this night before I go out (Atera aurreko gau honetan)’ bideo-instalazioa izango da ikusgai erakusketa-aretoan, Diwan artxiboaren web-plataformarekin batera.
Maiatzaren 29an, 18.30ean, lan kolaboratibo honetan parte hartu duten kideek aurkezpen publikoa egingo dute.
Azkenik, ekainaren 3an, 19.00etan, ‘Erakunde irekiak, porotsuak. Bitartekaritza- esperientziak kultur erakundeetan’ topaketa egingo da. Ekitaldian Le Centquatre-Paris guneko, Bartzelonako Fabra i Coats zentroko L'Ordit – Cultura, Educació i Territori ekimeneko eta Al'Akhawat kolektiboko ordezkariek parte hartuko dute.
Location
Tabakalera
Donostia. Gipuzkoa