Maritxu Kajoi
04/10/2019
Arrasate
Gipuzkoa
Kajoi
MENTION

Urriaren lehen ostirala. Txikiteroen Ama Birjinaren jai handia ospatuko dute arrasatearrek. Maritxu Kajoi. Festa dotorea denez, bertaratzen direnek armairutik arropa hoberenak atera eta elegante jantzita joatea arau bihurtu da. Eskapularioa soinean eramatea ere ezinbestekoa da.

Herriko parrokiaren atzean dagoen Errosarioko Ama Birjinaren irudiaren omenez egiten da festa. Festa herriko txikitero baten ateraldiaren fruitu omen da, eta parrandarako egun aproposa izaten jarraitzen du, antolatzen hasi zirenetik lau hamarkada baino gehiago bete direnean.

Txikiteroen zaindaritzat hartzen dutena zurezko kutxa edo kajoi baten barruan dago eta hortik datorkio izena. 

Ohitura den bezala, jende andana batuko du Debagoieneko herri honetan. Benetan jendetsua izaten da jaia eta giro aparta sortu ohi da herriko kaleetan zehar. Txikiteroen Ama Birjinaren ospakizunak egun osoan zehar parrandaz gozatzeko aukera eskaintzen die gerturatzen diren guztiei eta aurten ere ez da festarik faltako.

Dotore jantzitako kuadrillak goizetik aterako dira kalera eskapulaixua erostera (lortutako dirua jaiei laguntzeko izaten da). Iluntzean, 20.30ean, Maritxu Kajoirengana gerturatuko dira eta lore eskaintza egingo diote. Bertan, prestatu duten «otoitza» irakurriko dute.

LOCATION
Herriko kaleak
Arrasate
Gipuzkoa