Artzai Larzabal naiz+ bloga

Karretera ondoko motela

Estatu Batuetan igaro nuen lehendabiziko egunaz oroitu naiz gaur. Iluntzean iritsi nintzen hirira, ia 24 orduko bidaia soinean neramala. Leher-leher eginda, noski. Teorian Internet bidez alokatua nuen apartamentuko giltzak jasoko nituen iritsi bezain pronto, baina ez zen hala izan. Tasio etorri zitzaidan bila: “zure giltzak ez daude prest. Bihar bulegotik pasatzeko esan didate”. Ederra hasiera! “Baina afaltzera goaz lagun batzuk, etorri nahi?”.

Eta han joan nintzen maleta eta guzti nire etorrera ospatzera. Afaltzeko, zerbeza bat, (Budweiserra noski!) eta pizza bat. Ez genuen pizza osoa amaitu eta hemen, ohitura den eran, jan ez genuena kaxetan sartu eta etxerako prestatu ziguten. Gaueko hamaiketan jandako pizza zahar hura ea zertarako behar zuten galdetu nion Tasiori eta haren lagun amerikarrak zera erantzun zidan: “bihar goizean gosaltzeko!”. “Nola? Gosaltzeko?”. “This is America, man!”. Lehendabiziko egunerako gehiegi iruditu zitzaidan. Nire pizza zatia, han geratu zen.

Berriro maleta hartu eta errepide bazterreko motel batetara eraman ninduten, Tarantinoren filmeren baten seguru agertu den horietako batera. Logela bat eta kumun bat besterik ez zituen gelak; eta nola ez, errepiderako bista apartak! Nere lehendabiziko gaua beraz, errepide aldameneko motel batean pasa nuen. Ikaragarria izan zen.

Ikaragarria beste zerbait ez esatearren. Ez nuen ia lorik egin, besteak beste, ondoko gelakoak gau osoan zehar zarata arraroak atera zituelako. Ez dakit zertan aritu zen, baina hurrengo goizean maleta handi bati tiraka ikusi nuen eskaileretan behera, konk eta kank, konk eta kank, konk eta kank... “Ederretik libratu naiz”, pentsatu nuen.

Eguzkia atera zenean, maleta egin eta apartamentuko giltzaren bila joan nintzen. Dena ongi atera zen eta eguerdirako apartamentuan nengoen. Honek ere errepidera begirako bista ederrak ditu, bikain! nire gustukoak!

Hori bai, aurreko gauean tabernan utzi nuen pizza zatiarekin ederki oroitu nintzen. Gustura askoan jango nukeen txanpinoi eta gazta gozoz egindako pizza hura. Baina pizzarik ezean, zerbait egin behar eta partamentuetatik hurbil dagoen gasolindegira joan nintzen.

Ba bai, gasolindegian gosaldu-bazkaldu nuen: esne botila bat, platano bat, eta gaileta batzuk...

Halakoxea izan zen beraz nire lehendabiziko eguna yankilandian. Karretera ondoko motel bat eta gasolindegiko bazkari bat. Orduan konturatu nitzen benetan, nire abentura hasia zela...