Naiz+ Naiz+

«Ahanzturaren aurkakoa ez da oroimena, egia baizik». Martxoak 3

Lau hamarkada luze igaro dira Gasteizen haien lan-egoera hobetzeko protestan zeuden bost langileren heriotza bortitzetik. 1976ko martxoaren 3 hartan, gas negar eragileak jaurtita aterpe zuten elizatik aterarazi, eta bi mila tirorekin egin zien harrera Polizi espainolak makina bat langileri. Bost langile hil eta ehunetik gora izan ziren zauritutakoak.

Biharamunetik, oroimenari eutsiz eta egia exijituz zenbatezinak izan dira Gasteizko kaleetan egin diren manifestaldiak. Egun seinalatua da Araban martxoaren 3-a, eta aurtengoa ez da gutxiago izanen. Hala Bedi irratiak, adibidez, oroimeneko ekitaldietan parte hartzeko deiarekin bat eginez bideoa ekoiztu berri du.

Ostegun eguerdian oroimen ekitaldia izango da Zaramaga auzoan, eta, arratsaldean, 19.00tan, manifestaldia izango da Andra Mari Zuritik abiatuta. Ikastetxeetan ere mobilizazioak izango dira.

Era berean "Egia, Justizia eta Erreparazioa" nazioarteko jardunaldiak izango dira egunotan Gasteizen, eta gertatutakoen oroimen artistikoa eta soziala berreskuratzeko Artiumen erakusketa dago ikusgai.