Naiz+ Naiz+

Aida camp: forza la revoluccione

Dee7stjxkaagebu
1950ean eraikitako Aida Camp errefuxiatu kanpamendua.

Askapenaren Palestinako brigada:

Sartu eta berehala konturatu ginen bertako errealitateaz, okupazioaren ondorioak eta bertakoen erresistentzia inon baino ikusgarriagoak egin zitzaizkigun. Errefuxiatu kanpamendu hau 1950. urtean eraiki zen, Jerusalem eta inguruetako herritarrak kanporatuak izan zirenean. Lur horiek Aida izeneko emakume batenak ziren eta honek errefuxiatuei eskeini zizkien bertan bizi ahal izateko. Haren omenez du izena.

Raquel, judutarren ama omen denaren hilobia babesteko 8 metroko harresiak bihurgune itogarria osatzen du Aida inguruan. Israeldarren eskola bat dago hilobiaren ondoan, horrek presentzia militarra areagotzea dakar, eta konfrontazioa egunerokotasunean.

Bilal izan dugu bertan gure familia, gazte borrokalaria eta jatorra, umorez gure estantzia alaitu eta aukera ezberdinez bete duena. Harekin ezagutu genituen 2. intifadako testigu izan ziren Aidako kale nagusiak eta bertan gazteek erabilitako estrategia ezberdinak erresistitu eta tropa inbaditzaileen aurka borrokatzeko. Teilatu batetik ikusi ahal izan genuen Bilalen etxea, harresiaren beste aldean. Hau eraiki aurretik bost minutuan bertan izango ginela azaldu zigun, eta nola gaur egun bertara iristeko ordu eta erdiko bidaia izango genukeen, tartean oztoporik jarriko ez baligute.

Hainbat gazteren istorioak kontatu zizkigun estantzia osoan zehar. Nola errepresio eta jazarpenaren bidez familia osoak itotzen saiatzen diren, egunerokotasunaren parte dira soldaduen inbasio eta atxiloketak. Han igarotako gau batean nerabe bat atxilotu zuten, eta bigarrenean saiakeran gelditu zen haien nahia.

Aida Camp Belen eta Beit Sahour herrietatik gertu dago, eta Health Work Comittee, Badil, TAM eta AIC eragileekin biltzeko aukera izan genuen.

Juani Rishmawi madrildar palestinartuarekin elkartu giñen Health Work Comitteen egiten duen lanari buruz hitz egiteko. Haien lana 2. intifadaren gehiegikeriak eraginda hasi zen, egoera larri horri autogestioaren bidez erantzun behar izan ziotelako. Lan horren bidez mediku eta emakumeen artean konfidantzazko harreman bat sortzea lortu zen. Horrela, emakumeek kontsulta espazio segurutzat hartuta haien beharrak jasotzeko aukera izan zuten eta bertatik proiektu espezifikoak martxan jartzea erabaki zuten. Egun, osasun arloan emakumeak ahalduntzeko proiektuak dituzte martxan; informazioa eskeintzen diete haurdunaldi kontzienteak izateko, lehengusuen arteko ezkontzen arriskuak ezagutzeko, osasun arloko hainbat eta hainbat formakuntza eskeintzen dizkiete, e.a.

Badil errefuxiatuen aldeko eragileko kide da Amaia beasaindarra. Errefuxiatuen egoeraren berri eman zigun bere bulegoan bertan. Palestinarren bi herena errefuxiatua da, eta orotara 8 milioi dira Libano, Siria, Jordania zein palestinar lurraldean bertan sakabanatuta daudenak. Sakabanaketa honek elkarlana zailtzen diete, Skype bidez antolatu behar izateraino, edo jardunaldiak Txipren egitera iristeraino. Jordaniako populazioaren %60a palestinarra da, Gazan milioi batera iristen dira, 300 000 Libanon, desplazatuak 400 000 dira israeldar lurraldeetan, 500 000 Zisjordanian eta beste hainbeste, Sirian. Emakumeei dagokienez, mobilizatzeko tresnak eskeintzen dizkiete eta haien eskubideen berri ematen diete. Israeldarren politikak salatzeaz gain, hauek palestinarrengan dituzten ondorioak lantzen dituzte. Kolonizatzaileek palestinarrak euren etxeetatik botatzeko estrategiak 9 multzotan banatzen dituzte; erresidentzia baimenak mantentzeko zailtasuna Jerusalemen; joan-etorrietarako baimen sistema checkpoint bidez kontrolatua; lurren konfiskatzea, lehenik bizi baldintzak zailduz (segurtasunaren izenean harresiak edo soldaduak jarriz, isurbideetako ura soilik emanez, zerbitzuak murriztuz), euren kabuz alde egiten ez badute pixkanaka lurrak bereganatzeko, e.a.

Alternative Information Centerreko Ahmedekin, Hebroneko koordinatzailearekin biltzeko aukera izan genuen Beit Sahourren. Mugimendu sozialen parte den eragile honek informazio alternatiboa eskaintzeaz gain, komunitate internazionala interpelatzeko lanean dihardu. Bertan, palestinar kausarekin konprometituta dauden israldarrekin elkarlanean aritzen dira. Bestalde, arte ikastaroak antolatzen dituzte batez ere emakumeentzat, genero perspektiba kontuan hartzen baitute.

Azkenik, Women and Media Developmenteko (TAM) koordinatzaile Suheirrekin elkartu ginen Belenen. Erakunde honek bi norabidetan egiten du lan; media errealitatearen isla den heinean errealitatea eraldatzeko tresna gisa ulertzen dute. Emakumearen irudi estereotipatuarekin hautsi nahi dute eta emakume ahaldundu, jantzi, politikan parte hartzen duenari espazio egin. Formakuntza eskaintzen diete beraien proiektuetan detektatzen dituzten beharrei erantzuteko eta subjektu aktibo bilakatzeko. Pobrezia eta indarkeria mota guztiak pairatzen dituzte emakumeek eta horregatik, lan egiten dute haien ahalduntze eta pobrezia egoera hobetze bidean. Emakumeak media sortzaile izateko formatzen dituzte, horrela haien ikuspuntua ezinbestean islatuko delako bertan.

Ongi etorri batekin eman genion agurra Aida Campi. Kolonoei lapurtutako kotxe batean ibili ginen Beleneko kaleetan zehar; dantza eta irrintzi. 17 urteko Bilalen iloba askatu berri zuten espetxean 8 hilabete eman ostean. Behin kanpamentura iritsita, beste emakume guztiekin batera balkoi batetik ikusi genuen beheko gizonen festa.

Iluntze ederra eskaini ziguten Bilal eta bere lagunak, egoera intimoagoak haien bizi esperientzia eta hausnarketei bide eman zien, eta besteak beste, azaldu ziguten nola beraientzat etorkizuna zail ikusten duten eta borrokarako indarrak bost urtetik beherako haurren geroan pentsatuz biltzen dituzten.