Naiz+ Naiz+

Aniztasunaren aldeko oihua egin du Kattalingunek

Nafarroako LGTB Informazio eta Arretarako Zerbitzu Publikoa da Kattalingune. LGTB pertsonei eta haien hurbilekoei informazioa, laguntza eta aholkularitza sexologiko, psikosozial edo juridikoa ematen die, bai eta orientazio edota identitate sexualagatik gertatzen diren diskriminazioen aurka egin ere.

Pasa den abuztuan ireki zituen ateak Iruñeako Abejeras kaleko egoitzak eta ordutik aniztasun sexualari lotutako ehunka galdera eta kontsulta artatu ditu. Orain, Kattalingune zer den ezagutzera emateko Nafarroako txoko ezberdinetan grabatutako bideoa egin dute. LGTB, Q eta I hizkien atzean ezkutatzen diren errealitateak ikusarazi eta horiek guztiek dakarten aniztasuna aberastasuna dela hedatu nahi izan dute lau haizeetara.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NABI) diruz lagundutako zerbitzua da Kattalingune. LGTBfobia sufritu dutenek elkar sustengatu eta jabetzeko gune izan nahi du eta horretarako, hainbat lagunek parte hartzen duten elkar-sostengatzeko taldeak dituzte martxan.