Naiz+ Naiz+

Bideojoko itxurako bideoklip baten bidez, gatazkaren konponbideaz

Iazko urtarrilean egin zuen publiko DJ Balpore paristarrak ‘Life is not a game’ bideoklipa. Angelu eta Iruñea artean itzuli inguruan ibili ohi den artistak bost minutuan Euskal Herriaren erradiografia azkarra jaso zuen bideoklip honetan, historiari tarte eginez eta gatazkaren konponbidearen aldeko mezua zabalduz:

Euskal Herria gertutik bizi duen artista da DJ Balpore. Besteak beste, Aurore Martinen aurkako oldarraldia salatzeko lanak ere egin zituen, ‘Demicratie’ adibidez. Postontzira orain Off Spring-en ‘Life is not a game’ abestiaren moldaketa batean oinarritutako bideoa igorri digu erabiltzaile batek.

Honakoa da bideoko istorioa azaletik azalduta: Ikasle batek jakintsu baten esperientzia arraro baten parte hartu behar du, bere herriaren historiari, euskal herriari aurre eginez. «Zer da birtuala? Zer erreala?», dira artistaren galderak.

Hendaia ingurutik abiatuko da ‘Mario Bros’-en tankerako bideojolas moduko bideoklipean, pantxaran trago batekin indarra hartuta eta Ezpeletako piper baten pixgarriaz. Irunerako zubia igaro, Guardia Zibilaren kontrolari muzin eginez, eta Espainia eta Frantziaren arteko euskal partida agertuko zaigu berehala (3 frantziarrentzat, 4 espainiarrentzat).

Sanferminetara doa, gero, festara... jan, edan, katxi bat hartu eta korrika abiatuko da Karmen kaleko Herriko Taberna ingurutik zezenak atzetik dituela. Zuriz eta gorriz jantzita dagoen neska baten ‘muxu’ batekin indarrak hartuko ditu Nego Gorriaken kontzertura joan aurretik. Txuleta batekin hartuko du gero indarra eta askatsun eskean eta presoen herriratzea aldarrikatzen duten banderolekin doazen manifestarien artetik igaroko da; Ertzaintza atzetik korrika duela. 

Espetxera doa gero, ihesi egin eta espainiar justiziaren ebazpenak datozen neurrian gutun bat igorriko du pertsonaiak espainiarren agintari gorenengana. Hauek, sutan erreko dute pertsonaia eta gutuna bera, «game over» agertzen zaigun bitartaen.

«Bizitza ez da joko bat»

Gutunak gatazkaren konponbiderako proposamena darama. Ikasleak ez du gutunaren erretzea onartuko, bizitza ez da jokoa eta joko bilakatu duen jakintsuaren makina erreko du begirada hutsarekin. Hortik aurrera bideoklipak errealitate itxura hartzen du, ikaslea Hendaia eta Urruña arteko erlaitzean kokatuz:

2011ko urriaren 17ko Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia eta aurreko maiatzeko Bilduren hauteskundeetako emaitzak dakartza prentsa izenburutan jarraian bideoklipak; ETAren azken ekintzak, Jon Anzaren desagerpena eta azken 30 urteetako historiaren pasarteak; GAL eta trantsizio garaikoak... atzera gehiago egin eta ETAren sorrera aipatzen du, Sabino Arana, guda karlistak eta Nafarroako erreinua.

XIX. mendean Victor Hugok Euskal Herriaren, eta euskarararen, inguruan esandakoak aipatuz amaitzen da aldarrikapen bideo eder hau.