Naiz+ Naiz+

‘Eten tratu txarrak’, hitzordua larunbatean Donostian

Ain_1, Amaia Zubiria, Amaren Alabak, Anje Duhalde, Big Boy, Eraso, Ero, Humus, Itxaro Borda+Ekhi Vegas, Izaki Gardenak, Izate, Jabier Muguruza, Jupiter Jon, Kokein, Mikel Urdangarin, NX, Perlak, Petti, Pottors ta Klito, Rafa Rueda, Skakeitan, Txuma Murugarren, Uluka, 2zio... Hori da abenduaren 13an Donostian, Intxaurrondoko Kultur Etxean eszenara igoko direnen zerrenda luzea. ETEN, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko egitasmoaren proposamena da.

Egitasmoak antolatzen duen bigarren kontzertua izango da, iaz Durangoko Plateruena kafe antzokian egindakoaren ondotik. Orduko hartan bezala, hogeitik gora artistak hartuko dute parte genero indarkeria salatzeko aldarrikapen kontzertu horretan.

Iaz jarri zuen martxan Itsaso Gutierrezek, ON taldeko kideak, ETEN egitasmoa, genero indarkeriaren aurka aritzen diren elkarteek diru laguntzetan izandako murrizketek eragindako kezkak bultzaturik. Musikariek emakumeen aurkako biolentziaren salaketa zabaltzeko ahaleginean eskaini dezaketen laguntza baliatzeko asmoarekin sortu zuen proiektua, eta bidenabar “hausnarketarako leihoa irekitzea, kultura eremuko zenbait artistaren inplikazioa bultzatzea eta genero indarkeriaren kontrako bestelako proiektuak eraikitzeko lehen urrats bat egitea” dira ekimenaren atzean dauden beste helburuetako batzuk.