Naiz+ Naiz+

Gazte mugimenduaren ikasturteko uzta urtekari batean bilduko du Topatuk

Captura_de_pantalla_2017-11-10_a_las_10.58.03
urtekaria

Eguneroko zurrunbilotik askatu eta urteak emandako uztarekin patxadaz gozatzeko asmoz, Gazte Mugimenduen Urtekaria osatzeko lanean da Topatu, Euskal Herriko gazteon komunikazio proiektua.

2016-2017 ikasturtean zehar Euskal Herriko gazte mugimendu anitzek bizitako pasarte nagusiak jasotzeaz gainera, gazte mugimenduak, denbora tarte honetan, erditutako proiektu alternatiboak bilduko ditu urtekariak.

Liburu formatua izango du urtekariak eta orriotan hainbat albiste, erreportaje, argazki, elkarrizketa eta iritzi artikulu bilduko dituzte, beti ere gazteen oraina lehen eskutik kontatu asmoz.

Urtekaria ezagutarazi eta proiektua aurrera atera ahal izateko diru bilketa kanpaina bat abiatu du Topatuk. https://www.itsulapikoa.eus/ crowfunding atari berrian aurki daiteke proiektuaren inguruko infomarzio guztia, baita ekarpena egitekoa aukera ere. Ekarpena egitearekin batera, nahi duenak aurrez erosi ahal izango du urtekaria, prezio merkeagoan (8 euro), eta hartara, proiektua aurrera ateratzen lagunduko dute.

Durangoko Azokan, salgai

Abenduaren 5ean bukatuko da diru bilketa kanpaina, eta, hain justu orduan ospatzen den Durangoko Azokan salgai izango da urtekaria Topaturen standean. 10 euroan eskuratu ahal izango da eta Topatuko bazkideek, ostera, 8 euroren truke jasoko dute. 

Aurrez erosi dutenek ere Durangoko Azokan jaso ahal izango dute alea, eta bertaratzea ezinezkoa balute, Topatu bera ipiniko da eurekin harremanetan.