Naiz+ Naiz+

Musika Zuzenean atariaren jaialdi akustikoa igandean izango da Urnietan

 

Igandean, maiatzaren 21ean, Musika Zuzenean atariaren Jaialdia Akustikoa izango da Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen gunean. Euskal Herrian egiten diren kontzertuen agenda biltzen duen atari honek laugarrenez egingo du jaialdia eta Elorrion, Errenterian eta Andoainen egindako aurreko hiru aldietan bezala, dozena bat izango dira agertoki gainera igoko diren musika proposamenak. Bakoitzak bizpahiru kanta joko ditu eta orotara, bi ordu iraungo ditu jaialdiak.

Formatu txikiko proposamenak taularatzea da jaialdi berezi honen filosofia, eta aurten, antolatzaileek aitortu duten moduan, inoiz baino zailagoa izan da hamabiko zerrenda osatzea; «40 izeneko zerrenda izan dugu bueltaka eta azkenean hamabi hauekin mugimendu txiki baten izebergaren punta irudikatu nahi izan dugu», diote oharrean.

Oholtza gainera igoko diren artistak Iker Lauroba, Inun, Lear, Libe, Mice, Nahia Zubeldia, Nire, Olatz Salvador, Pelax, Tristtan Mourguy, Etxe eta Maria Rivero dira. Albistearen amaieran bakarlari hauen inguruko informazioa eta bideoak aukituko dituzue.

Aurten gainera, Oreretako Zintzilik irrati librearen laguntzari esker, emanaldia zuzenean emitituko da Arrosa sareko irrati ezberdinen bidez.

Iker Lauroba

Ibilbide luzeko musikaria da Iker Lauroba. Talde ezberdinetan aritzen da egun (Lauroba, Izaro, Charlie & The Colours...) baina denbora hartzen du bere kantuak sortu eta taularatzeko. Bakarkako bigarren diskoa kaleratu berri du ‘Nire gotorlekutik’ izenpean.

Inun

Mikel Inunziaga da Inun. Zornotza (Bizkaia) herrian jaiotako musikariak bi disko kaleratu ditu, azkena, 2016 urteko ‘Da Nola’ lana. Bertan, euskal poeten hitzak erabili ditu kantuak osatzeko, hala nola, Bernardo Atxaga, Jon Mirande eta Itxaro Bordaren olerkiak.

Lear

Urnietako hiru neska gazteek osatzen dute Lear banda. Emanaldi gutxi eskaini dituzten arren, zer esana eman dute jada. Zuzenekoetan kantu ezagunen bertsioak jotzen dituzte nagusiki. Musikazuzenean jaialdi akustiko honetan ordea, hirukoak berak sortutako bi kantu eskainiko dituzte.

Libe

Bere musika bidea talde ezberdinetan burutu du Libek. Neubat, Sorkun edota Izaki Gardenak taldeko kide izan da (eta da). Libe izenpean disko bat kaleratu zuen 2014 urtean, banda bat izan zuelarik alboan. Emanaldi honetan bakarka ariko da ordea, pianoa lagun.

Mice

Miren Narbaiza ez da hasiberri bat gure musika eszenan, baina Nice bai. Napoka Iria bikoan eman zituen lehen urratsak, gerora musika egitasmo ezberdinetan aritzeko. Mice da bere proiekturik pertsonalena, bere berea. Kantuak zerotik sortzen ditu, pedalera, loop eta efektu ezberdinen bidez.

Nahia Zubeldia

Nahia Zubeldia ziburutarra zenbait musika estilotan ibilia da. Egun, Unama (folk) eta Lumi (elektro pop) taldeetan jotzen du. Bakarlari gisa ere jotzen du noizean behin, gitarra elektrikoaren eta efektu-pedalen laguntzaz. Benetako luxu bat gurean izatea.

Nire

Iban Zabalegi ezkutzen da Nire izenaren atzean. Lisabo talde oldarkorreko bateria-jozailea izan zen bere garaian, eta egun, bestelako doinuetan sakontzen du gitarra akustikoa lagun, folk eta country giroetan sakonduz. BideHuts zigilupean disko bat kaleratu zuen 2015 urtean.

Olatz Salvador

Skakeitan taldeko teklatu-jolea da Olatz Salvador. Bere taldean jorratzen dituen ska-rock eta mestizai giro festazaleak alde batera utzi, eta beste erregistro batean taularatzen da bere izenean, folk giroetan, ahots goxoz eta gitarra akustikoaz.

Pelax

Unai Pelayo donostiarra da Pelax. 2013ko azaroan hasi zen lehen bakarkako emanaldiak eskaintzen, bere ahots gordin eta gitarra elektriko zikin batez baliaturik. Kantautorea bada ere, rock arima da berea, eta kantuetan nabari dira bere eragin gitarzaleak.

Tristtan Mourguy

Tristtan Mourguy Donibane Lohizune (Lapurdi) herriko musikari bakarlaria da. Euskarazko kantu egilea da, olerkiak edota bertsoak gitarraren laguntzaz abesten ditu. Folka, popa eta rocka uztartzen dite bere kantuetan. Urte hauetan guztietan bi disko kaleratu ditu.

Maria Rivero

Maria Rivero musika proiektu ezberdinetan murgildua dabil azken urte hauetan guztietan. Hutsa, Siroka, edo Kintsukoroi egitasmoak martxan ditu egun, eta bakarkako bidean ere badabil bere izenpean. Urnietako emanaldian bakarka ariko da, gitarra akustikoa lagun bakar.

Etxe

2004an hasi zen bakarlari bezala kontzertu akustikoak ematen Etxe izenpean, iraganean Nabari heavy metal taldean aritu ondoren. Azken urteak lozorroan eman ditu, aitatasunak eszenatokitik aldenduta izan baitu. Orain, indarberrituta itzuli da agertokietara, ‘Bizi’ diskoa besapean.