Naiz+ Naiz+

Oliba Gorriak taldearen agurra Hatortxun

Abenduaren 26an, Hatortxu Rocken eskenatokian esango du agur Oliba Gorriak taldeak ia 15 urteko ibilbidea eta gero, goiko bideoan ikusgai Hatortxurako egin zieten elkarrizketa eta hona Arkaitz Biainek agur gisa idatzi dien gutuna: 

2015eko abendua: norbaitek letra larriz idatzitako aldaketen hilabetea bezala gogoratuko du seguraski. Eta ez da gutxiagorako. Munduaren alde honetan bizi garenon neguak momentuz gorritik gutxi duen honetan, Markinako (eta zergatik ez, Euskal Herriko) talde gorrienak erreferendumik gabe, armak uztea erabaki duela jakinarazi du. Oliba Gorriak, kolpe bakoitzean zorrotzagoa den boskotea, isiltzera doa. Taldeak, ibilbide musikalaren gorenean dagoenean, behin betiko su etena adierazi du.

Musikan arrakasta izateko ezer ere ez esatea ezinbestekoa den aro honetan , erosotasunaren izenean alternatibarik proposatzen ez duen “ultrakritikoa” (eta ez autokritikoa) izatea iraultzailea den garaian, eta poseak arima buruaz beste egitera behartu duenean, Oliba Gorriakek agur esango du.

Atzean geratzen dira intentsu eta biziagoak izan ezin zitezkeen 14 urte: entsegu lokaleko arratsalde amaiezinak, taula gaineko hastapeneko urduritasunak, estudioko lehen esperientzia, ogi gogorrari erakutsitako hagin zorrotza, MusikHerria herri diskoetxearen ereite eta ureztatze kolektiboa, bake faltsuari gerra deklarazioa, Eneko eta Ezkerraren kartzelaratze eta espetxealdia medio errepresioak behartutako mututze musikala, ideien gudaren gogortasun eta edertasuna, lurralde musikal eta geografikoak gainditutako kolaborazioak, askatasunaren oihu geldiezina, garaipenera arteko deklarazioa, Euskal Herritik harago egindako bira ahaztezina, edota musika eta oro har sormena, kontzientziak astintzeko tresna paregabea direnaren etengabeko baieztapena.

Garaipenera arte eskenatokietan nahi genituzke, baina garaipena ez da galtzen ez jakitea. Garaipena ez da bizirautea. Garaipena ez da galtzailearen aurrean harrotasunez indartsu agertzea. Garaipena ez da karaktere mugatuan idatzitako txio zilbor-zale eta polifoniko bat. Garaipena, kolpez kolpe, jasotako kolpeak seriotasunez baina irribarre infinituz gainditzea da. Garaipena kolore berdeko azala duen diskoak islatzen duen itxaropena da, amets egingarria. Borroka (barkatuko digute hitz hau anakronikotzat jotzen duten ilustratuek, baina beraien asperdurarako kontzeptu unibertsal eta atenporalegia da) beharraz kontzientziak etengabe elikatzea da garaipena. Doinu eta erritmo kolektiboaz ehundutako hitzak dira garaipena.

Konstantzia, gertutasuna, jabekuntza, zorroztasuna eta umiltasuna dira garaipena (eta Oliba Gorriak).

Agur honek grisetik gehiegi daukan euskal musikaren “pantonean”, gorri kolorearen desagerpen arriskua suposatzen du. Zoritxarrez, eskenatoki, bozgorailu eta periferiak sormen eta mezutik haragoko “bertso txikiak” baitituzte jomuga.

Baina urteetako hazien ereiteak lore eta fruitu berriak ekarriko dituenaren itxaropenik ezin galdu: arantzadun arrosak, garratz bezain gozoak diren fruta madarikatuak … edota gori eta gorriak izan daitezkeen oliba berriak.

Atzo, gaur eta beti … Oliba Gorriak!