Naiz+ Naiz+

Ongi etorriak ZADeko errepublika independentera

Captura_de_pantalla_2017-08-28_a_las_11.42.41
askapena

Notre-Dame-Des-Landes herrian kokatuta dagoen ZAD gunean logika kapitalistatik at, pertsonak eta bizitza erdigunean jartzen dituen proiektu bat garatzen ari da. Zone Á Défendre (ZAD), edo Babestu Beharreko Gunea izendatu zuten eremua 2009an, Frantziako Gobernuak aireportu bat eraikitzeko, hamarnaka baserritar desjabetu zituenean. Ordutik, erresistentzia gune bilakatu dute 1500 hektarea hartzen dituen eremua, erreferentziazkoa Europako okupazio eta autogestio mugimenduan. Askapenaren 2017ko Bretainiako brigadaren lehen geldialdia da honakoa eta bertatik igorri dute lehen kronika.

Nanteseko periferia eta fabrika handiak albo batera utziz, D81 errepide estuan sartu gara. Hemen hasi eta bukatzen da dena. Kilometro gutxi batzuen buruan ezkerretara hartu, eta ZADeko errepublika independentera ongi etorria ematen diguten kartelak ikusiko ditugu.

Bertara iristearekin batera, denbora gelditzen dela sentitzen dugu, guztia dago lasai, musika atsegin batez lagunduriko jantoki handi baten bueltan, txakurrak (lau hankakoak) eta gu, erritmo berdinean. Hurrengo egunak argitu du, eta ZAD errepublikako zonalde eta gune desberdinak ezagutzeari ekin diogu. Laster batean, 2012ko protestetara joaten da gure burua, gertakari haiek izan zuten dimentsioak eta intentsitateak bizirik dirau bide bazterretan dauden kotxe erreak eta barrikadetako materialak ikusirik. Gaur gaurkoz, inguruetan bizitzeaz gain, bigilantzia postuak bere horretan mantentzen dituzte, poliziaren jazarpen berri baten aurrean prest izateko.

Zero gunera iritsi gara, harrera gunea (ZAD tourist information). Bertan, liburutegi internazional bat ezagutu dugu, ZADeko liburuez gain, babestu beharreko gunera opari eramandako beste hainbeste liburuk hornitzen dutena.

ZADeko bigilantzia gune nagusia bisitatuko dugu ondoren, eta lekuaren edertasuna eta handitasuna ikusiko ditugu bertatik. Desjabetza eraso berri baten aurrean, ZAD guztira abisua pasatzeko alarma sistema dute, 2012ko egoera errepepikatuko balitz martxan jartzeko.

Baina bukatu dira erresistentziara bideratutako guneez sortutako lekuak, aurrerantz jarraitu ahala, kapitalismotik at eta kolektiboan oinarritutako etxalde eta gune lasaiak aurkituko ditugu. Lur sail zabalak, animalia eta nekazaritzara bideratuak, gaztategiak, okindegiak, bertatik desjabetuak izan ziren eta bertara bizitzera etorri direnen artean landuak. Kanpotik bisitan datozenentzako guneak, sukaldeak, lo-lekuak eta parte hartzeko eskaintza sozio-kultural zabala. Guztia trukean edo borondatezko ordainaren truke. Lantzen den guztia, ZADeko filosofiarekin bat. Proiektu hainbat martxan: senda-belarren gunea, aroztegia, talde feminista, etxerik gabekoen gunea, haurren hezkuntzara bideratutako proiektuak, munduko kolektibo desberdinen gunea…

ZADen egun bat igarotzearekin batera, beste bizitzeko modu bat posible dela ikus-entzun-sentitu dugu, bizitza duinean oinarritua, gutxi batzuen ongi izatearen gainetik, guztiok bizi duin bat izateko gune bat. Dirua eta presazko bizitzatik at, kolektiboan eta kolektiboarentzak lan egiten duen herri bat.

D81 errepideak ez du harresirik eta ez du behar gainera, baina Berlingo harresi zaharra irudika daiteke norberaren buruan, kapitalismo bortitzean bizi den gizarte eroa eta pertsonak oinarri hartuta bizi den ZADeko errepublika askearen artean.