Naiz+ Naiz+

Ramallahko lehen bizipenak

Jerusalemera heldu ostean, Ramallah inguruan aritu da brigada. Harreman ugari egin dituzte eta kronikan Palestinako gazte mugimenduaren, presoen edota emakumeen egoeraren berri ematen digute.

Jerusalemera gauez heldu ginen, bidaia luze baten ondoren. Hurrengo egunean, turismo pixka bat egitearekin batera, gure brigadako lehen kontaktuekin harremanetan jarri ginen. Horrela, brigada Ramallahn hastea erabaki genuen; gero, pixkanaka hegoalderantz jotzeko.

Ramallah Zisjordaniako hiriburu administratiboa da, eta bertan egoitza dute hainbat alderdi eta erakundek. Hala ere, gure lehen harremanak Ramallahtik hurbil dagoen Bil’In herrian egin genituen.

Bil’In Ramallah inguruko nekazari herri bat da. Hamar urte baino gehiago daramatzate mobilizazioak egiten inguruan dituzten asentamentuen aurka eta Israel eraikitzen ari den apartheid harresiaren aurka. Horren berri izateko Bil’Ingo herri komiteko Kefah Mansour kidearekin bildu ginen, eta euren egoera azaldu genuen aurreko bideo eta kronikan.

Hurrengo egunean Jamal Juma Stop The Wall kanpainiako koordinatzailearekin bildu ginen Ramallahn. Juma izen handiko pertsona da Palestinako herri mugimenduan. Hark azaldu zigun Zisjordaniako herri mugimenduaren egoera. Jumalen arabera, Palestinako Autoritate Nazionalak herri mugimenduak bereganatzen saiatu da eta ezin izan duenean euren aurka egin du. Zentzu honetan gazteriaren egoera nabarmendu du.

PAN “arabiar udaberria” deituriko mugimenduen beldur izan da hasieratik, eta gogor erreprimitu ditu mugimendu horrekin elkartasunean egin diren mobilizazioak. Jumalen arabera, horrek oraindik gehiago zabaldu du PANen eta gazte eta herri mugimenduen arteko arrakala. “Ezer aldatzen ez bada, hurrengo intifada ez da Israelen aurkakoa izango, PANen kontrakoa baizik”, esan zigun.

Herri mugimenduetatik gazte belaunaldi berriekin lanean ari dira. Jumalek ezinbestekotzat jotzen du gazte mugimendu indartsu eta antolatua egotea Palestinan, baina Israelen zapalkuntza sistematikoak, koadroak sortzea galaratzen duela adierazi zigun.

Hurrengo egunean Adameer preso politikoen babes juridikorako erakundearekin egon ginen. Bertan azaldu ziguten palestinarrek pairatzen duten errepresioa. Hasteko, 7.000 preso politiko baino gehiago dituzte Israelgo espetxeetan. Hilean bisita bakarra dute presoek, eta senide askok ez dute baimenik espetxeetara joateko, bereziki aurretik espetxean egon badira. Era berean, espetxerako bidaiak egun oso bat eskatzen du, goizeko 05:00etan hasi eta gauerdiraino. Espetxeak ez daude oso urrun, baina senideek hamaika kontrol igaro behar dituzte haraino heltzeko. Hainbatetan presoek euren senideei eskatzen diete ez ditzatela bisitatu. Adamerreko kideek azaldu zigutenez, atxilotuak 60 egun egon daitezke abokaturik gabe komisaldegian, eta 70 epailearen aurretik igaro gabe.

Eskubide urraketa sistematikoa egiten du Israelek, baina bereziki bi gai nabarmendu zituzten presoen aldeko elkartean: haurren espetxeratzea eta atxiloketa administratiboak. Dozenaka adin txikiko dituzte Israelgo espetxeetan. Orain arteko gazteenak 12 urteko neskato bat izan da, bi hilabete igaro zituen espetxean. Egun hauetan 14 urtetik berakoen atxiloketak legeztatu du Israelgo Parlamentuak.

Atxiloketa administratiboak, berriz, akusazio eta epaiketarik gabeko atxiloketak dira. Printzipioz sei hilabetekoak, baina nahi beste luzatu daitezke. Egun, 700 preso politiko daude atxiloketa administratibopean. Errealitate krudel honen isletako bat Bilal Kayed presoa da. Hamalau urte eta erdiko zigorra bete ostean, espetxean jarraitzen du atxiloketa administratobopean. Egun, 56 egun daramatza gose greban. Berarekin elkartasunean beste ehun preso inguru daude gose greban, gehienak fronte popularrekoak.

Baita Khalida Jarrar ere ezagutu genuen Ramallahn. Palestinako parlamentuko kidea da, Fronte Popularreko diputatu gisa. Berarekin bildu ginenean hilabete eskas zeraman kalean, 15 hilabetez espetxean egon ondoren atxiloketa administratibopean. Haren aurkako akusazioa Fronte Popularreko buruzagia izatea da. Egun, Fronte Popularra ez da Palestinako alderdirik handiena, baina antza bada arriskutsuenetakoa, euren jarduna erabat legez kanpo kokatu duelako Israelek. Jarrarrekin espetxeaz, emakume mugimenduaz eta Palestinako ezkerraz jardun genuen.

TRC torturaren biktimei laguntza psikologikoa eskaintzen dien erakundea da. Denbora gutxi bildu ginen beraiekin, baina oso esperientzia interesgaria izan zen. Azaldu ziguten ezin direla espetxeetan sartu, beraz ezin dute torturatuekin lan egin askatzen dituztenera arte. “Atxilotutakoen %90 torturak pairatu dituzte”, nabarmandu zuen Khaser Rasras TRCko kideak.

Torturatuek edo espetxean denbora luzea igaro duten pertsonek gizarteratzeko arazo ugari dituztela azaldu zigun Rasrasek, oso egoera traumatikoak bizi izan dituztelako. Bi kasu jarri zizkigun adibide gisa, bata ordutegi finkorik gabe bizitzen ez zekien pertsona batena: “Hogei urte baino gehiagotan dena ordu berean egin duen pertsona batentzat, oso gogorra suerta daiteke ordutegirik ez edukitzea”. Bigarren kasuan, berriz, familia bateko aitaz jardun zuen: “Urte asko igaro zituen espetxean, eta irtetzean, haren seme alabek maite zuten. Baina ez zuten inolako konfiantza ezta konplizitaterik berarekin, arrotza sentitzen zen bere etxean”.

Presoekin ez ezik, euren senideekin eta jende txiroarekin lan egiten dute. Rasrasek azaldu zigunez, Palestinako gizartea asko polarizatu da azken urteotan. Horrek txirotasuna asko igo du herrialdean, eta egoera larrian dauden pertsonekin lan egiteko beharra ikusi dute TRCn.

Gure Ramallahko azken hitzordua Palestinian Peoples Partyrekin izan zen. Palestina britaniarren menpe zeneko Palestinako Alderdi Komunistaren ondorengoak dira Zisjordanian. Egunerokoan herri mugimenduekin eta ezkerreko alderdiekin harremanak dituzte. Nazioarte mailan, Espainiako Alderdi Komunistarekin eta Espainiako Herrien Alderdi Komunistarekin dituzte harremanak besteak beste. Urtero, Jafra herrian hainbat alderdi komunistetako gazteak elkartzen dituzte esperientziak elkar trukatzeko. Palestinari dagokionez, bi estatuen irtenbidearen alde egiten dute, Gaza eta Zisjordania errepidez lotuz. Hauek izan dira gure lehen egunak.

Aurrerago gehiago. Adi jarraitu!