0 comments

Zuzenbide masterra euskaraz eta Leioan egiteko eskatu dute

Zuzenbideko ikasleak behin gradua amaituta egitera derrigortuta dauden Abokatutza Masterra euskaraz eta Leioan egitea aldarrikatu dute: "Euskal Herriko Unibertsitatean bertan euskaraz ikasteko oztopoak ditugu, eta hau aldatzeko azkeneraino iristeko prest gaude. Hitz eta promesetatik konpromisoa erakustera eta benetan Euskal Herrian euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko lan egitera deitzen ditugu Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariak", adierazi dute Leioatik! proiektu komunikatiboak zabaldu duen bezala.

Zuzenbideko ikasleen oharra:
 
Abokatutza masterra euskaraz eta leioan!

Egun, abokatu izateko derrigorrezkoa zaigu zuzenbideko ikasleoi Abokatutza Masterra egitea. Joan den urtean eskaini zen lehen aldiz Euskal Herriko Unibertsitatean abokatutza masterra eta, aurreko asteetan aditzera eman dugunez, ez zen euskarazko talderik sortu.
Hurrengo ikasturteari begira arazoa errepikatzen da, eta euskarazko ikasleok berriro ere egoera diskriminatzaile baten aurrean aurkitzen gara. Honetaz gain, euskarazko masterra deitzen dioten hori, ez da inondik inora horrela; izan ere, master osoaren %38a baino ez dago bermatuta euskaraz, hizkuntza honetan irakatsi dezaketen irakaslerik kontratatu ezin delako aitzakiarekin. Hori al da Euskal Herriko Unibertsitateak euskarazko master bati ematen dion garrantzia?
 
Azken egunetan hainbat eskaera ezberdin helarazi dizkiogu euskara errektore ordeari. Bere esanetan “euskarazko” taldea bermatuta dago baldin eta 12 ikasle matrikulatzen badira (aurrez ezarritako kopurua 8 ikaslekoa zen). Kopuru minimo honi beste inguruabar batzuk gehitu behar dizkiogu, “euskarazko” taldea sortzea ikaragarri zailtzen dutenak:
  • Abokatutza masterra gazteleraz Donostiako eta Leioako kanpusetan eskaintzen den bitartean, “euskarazko” masterra bi kanpusetako batean eskainiko dela adierazi dute. Non izango den erabat zehaztu ez duten arren, ziurrenik Donostian izango dela esan digute. Eskubide urratze larritzat jotzen dugu hau. Adibidez, ez dago edonoren esku Donostian masterra ordaintzeaz gain, pisu bat ere ordaintzea, edo eguneroko garraioa ordaintzea. Horrela, euskarazko masterra soilik kanpus batean eskaintzea matrikulazioak atzera botatzeko arrazoi argia da.
  • EHU-k euskarazko masterra aurrera joatearen kontrako arazo nagusi bezala diru falta adierazi izan digute. EHU-ko aurrekontuak bestelako proiektuetara bideratzen direla ikusirik, aurrekontu hauen kudeaketaren arduradunei ikasleen formakuntzari lehentasuna ematea eskatzen diegu.
  • Horrez gain azpimarratu behar da estatuko abokatutza masterraren amaieran egiten den estatu mailako azterketa gazteleraz soilik eskaintzen dela. Legearen arabera Autonomi Erkidego bakoitzak antolatu dezake azterketa hau. Oraindik ez da pausu hau eman, eta ez digute aurrera eramango dutenaren seinalerik eman. EHU-ren konpetentzietatik haratago dagoen zerbait dela argudiatzen dute. Honek ere, euskarazko eskaeren jaitsiera ekartzen du, eta Euskal Herriko Unibertsitateak bere esku dagoen guztia egin beharko luke hau aldatzeko
Guretzako abokatutzan jarduteko beharrezkoa den master bat dela kontutan hartu behar dugu, askoren etorkizunean ezinbestekoa izango dena. Horrela izanda eta zuzenbideko gradua bere osotasunean euskaraz eskainita, bai Donostian zein Leioan, eskubide urraketa larritzat jotzen dugu Abokatutza Masterra “euskaraz” kanpus batean soilik eskaintzea eta gainera ikasle kopuru minimo baten esperoan gelditzea.
Leioako Zuzenbideko euskarazko ikasleok Abokatutza Masterra gure hizkuntzan egiteko eskubidea aldarrikatzen dugu, Leioan eta Donostian, denon eskura dagoen master bat eskainiz. Horrez gain Euskal Herriko Unibertsitateari eskatzen diogu bere esku dagoen guztia egiteko estatu mailako azterketa euskaratzeko.

Euskal Herriko Unibertsitatean bertan euskaraz ikasteko oztopoak ditugu, eta hau aldatzeko azkeneraino iristeko prest gaude. Hitz eta promesetatik konpromisoa erakustera eta benetan Euskal Herrian euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko lan egitera deitzen ditugu Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariak. Era berean gonbidapena luzatzen diegu zuzenbideko ikasle zein irakasleei, arazo honek guztioi eragiten digula ulertzen dugulako.

/
Latest posts
Latest comments