Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

AFORISMOAK Biktimari agurka

 

 

...olerki fosila den hizkuntza mundua ezagutzen saiatzeko baliabide literario dugu. Biktima, hitz fosilizatua eta erregarria ere dena,berriztagarri bihurtzeko alegia nahiz ahalegina den liburua idatzi nuen, Biktimari agurka deritzona. Gaur, Donostian, berriz, bertako Udal Gobernuak deituta, talde politiko guztiok bildu dira lehen aldiz gatazka politikoak eragindako biktima guztien omenez: Bada garaia, Alojz Ihan, esloveniar poetak zioenez:

 

“Bada garaia

elkarri hitz egiteko,

zerbaitez hitz egiteko

edo partekatzeko, bada, behintzat,

zerbait partekatzekorik balego, behintzat.

 

Bada garaia, edo laster,

hori gabe ere geratuko gara.”

 

 

Ildo beretik doa Asier Agirrek euskaratutako Zarko Petan Esloveniako idazle ezagunak, kaleratutako liburu ugarien artean, lehenengotariko bat(1966) gartzelaldiaren eraginez idatzi zuena eta, berak zioskunez, eskarmentu hori bizi gabe ezin esan egun bere emaitza literario zabala bezain umoretsu ezagutzeko parada izango genukeenik. Maiz adierazi izan du satiraren maisuak espetxeak nola markatu zituen haren idaztankera eta gaiak, ikuspuntua eta jomugak… “Zorretan nago agintearekin nigana izan duen eraginarengatik…jazarri eta bakartu izan ez banindute, sekula ez nukeen idatziko ”[1].

Gauza bera esan nezake neronek. Espainiako espetxeetan behin baino gehiago gartzelatu izan ez banindute ez nintzateke, agian, idazle izango.

Baina nire esperientzia pertsonala, aipatu Petanena bezala bestalde, euskal literaturaren historia argitzeko balio lezake zeren, gurean, hala idazkiak nola idazleen berri ematerakoan, nekez esan dezakegun ezer giltzapean izatearen esperientzia aipatu gabe, besteak beste, jazarpenez hitz egin ezean, euskal letren bilakaera azaltzea ezinezkoa litzatekeelako.

Linguae Vasconum Primitiae (1545) idatzi zuen gure lehenengo poeta ezagunak, Bernat Etxepare, Bearnen eduki zuten giltzapean arazo politikoengatik [2], euskal letren pizkundea zaindu zuen Aitzol gartzelatik atera eta fusilatu zuten ( hark su izkillatu idatziko balu ere…), gauza bera gertatu zen Lauaxeta gure poeta sinbolistarekin, eta euskara literarioaren proposamen garaikidea egin zuen Koldo Mitxelenarekin, zeinak espetxe frankisten egonaldiak ezagutu zituen filologia ikasten hasi zenean. Euskal eleberrigintza modernoaren aitzindariak (Txillardegi), gartzelatik pasa ondoren, erbestetik idatzi behar izan zuen, eta gure egungo idazle loratuenak ( Joseba Sarrionaidia) batek daki nondik bidaltzen dituen bere testuak Donostiako espetxetik San Fermin egunen batean fikziozkoa zirudien ihesaldia burutu zuenetik…eta ez da bakarra. Giltzapean egon dira Xabier Amuriza, Mario Onaindia  edo Mitxel Sarasketa, barruan daude egun Jokin Urain eta beste asko ( eta nola!...)

Azken Gerratean, nazionalista espainiarrak Hego Euskal Herrian gailendu zirelarik, euskal liburuak debekatzeaz gain, sutara ere bota ohi zituzten. Gure literaturaren aurkako aspaldiko inkisidore prozedura horren berri geratu zaigu, esate baterako, Tolosan edota Donostiako Garibai kaleko duela hirurogeita hamarreko erreketetan zeinetan, euskal literaturarekin batera, euskal hiztegiak ere desagerrarazteko izugarrizko lana hartu zen.

Euskaraz hitz egitea debekatu bazuten ere ez zen haientzat hori funtsezko ardurarik, euskaldunok gure istorioak kontatzea eta hedatzea galarazi nahi izan zuten haiekin. Hemengoek jasandako jazarpenak eta torturak, gartzelaldiak eta debekuen berri ezkutatu nahi izan zuten betiko. Ildo horretatik ez zuten tortura txartzat hartzen inongo giza eskubideetan oinarriturik baizik eta haren berri zabaltzeak haien aurka bihur zitekeelakoan. Honetaz ohartarazi zigun Frantz Fanonek Frantziak Argelen baliaturiko torturez aritu zenean:  “Haiek ez dira sistemaren salbuespenak edota hutsak kolonialismoak okupatzaileak eta zapalduen artean ezartzen dituen harremanen ondorioa baino”. Eta haien berri eman beharra dago egoerak ostentzen duena agertarazteko. Horretaz idazteak, beraz, sekulako garrantzia badu, eduki.

Euskal Herriak eta euskal herritarrok pairatu behar izan dugu aspaldidanik espainiar indar armatuen tortura ( ikus “Euskal Memoriak” berriki kaleratutako hirugarren liburukia…), gurea nolabaiteko kolonia den neurrian eta, halaber, azken urteotan nolabaiteko gerran iraun behar izan dugun neurrian. Kari honetara ere, ausaz, espainiar nahiz frantziar eta euskal gizarteen arteko diferentzia nabarmena da oso.

Tortura jasan duten pertsonen garrantzia gatazkaren konponketan horretan datza, hain juxtu. Haiek dira frantziar nahiz espainiar iritzi publikoaren aurrean beren eskarmentuak eta gogoetak zabaldu behar dituztenak. Ostendurik dagoen botere asimetria ikustarazteko eta, finean, egun kartzelaturik dauden  preso gehienak tortura dela medio barrura bidali dituztelako frogarik gabe, beren buruen aurkako aitormena egitera beharturik. Baina ez dira gaur egun preso direnak bakarrik, bide berean jende aunitz kausiturik izan garelako dagoeneko eta, horretaz ozenki hitz egiteko…bada garaia. Biktima guztiak gogoan. Txillardegik zioen bezala, “gure hizkuntza den olerki fosillaz” kontatuta eta kantatuta .

Fito Rdz.

 

 

 

 

 

 

 



[1] “Zarko Petan” in EGAN . 2006-1/2. 97.or.

[2] Urquijo, J, (1933) RIEV, 24. 664 or. eta hurrengoak. 

Search