Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Bi hitz, hitz bi, W. Labov soziolinguista zendu berriai agurra emateko

Hizkuntza eta kultura (gizartea)ren arteko harremanetan sakondu ahal izateko ukipen-hizkuntzalaritzatik sortu zen soziolinguistika bera 1. Honez gero, hizkuntzaren erabilerak gizarte jakin baten egituraketaren berri ematen digula jakin badakigu soziolinguistikaren bidez2. Esate baterako, Indiako gizartean irauten duen kasten arteko bereizketak bertan erabiltzen diren hizkeraren arabera sailka daitezke edo herri islamikoetan, agintarien diskurtsoak zer motatako indarrez helaraztea nahi izaten den erabilitako mintzaira dela medio jakiterik izango dugu, Erresuma Batuan zer-nolako gizarte-klasekoa den hiztuna hizkuntzak berak argitzen digu edo eta USAn gizabanako jakin baten integrazio-mailaren berri hark erabili ohi den hizkera motak emango du. Hori guztia, gainera, esapidean eta, zehazkiago esanda, ebakeran oinarriturik. Hau da, “ahoskaritza”dela medio (zuzentzaileak gorriz azpimarratzen dit !) .

Soziolinguista bakoitzak hizkuntzaren osagarni ezberdinen artean bere gustukoena izango du (B.Bernsteinek, adibidez, aldaeren gainetik estandarra goraipatu du...W. Labovek, berriz, hizkerak ditu gogoko bere ikerketarako...-3 baina denek gizartea eta hizkuntzaren erabilera lotu egiten dute “ahoskaritzaren” bidez.

B.Bernsteinen ustez eskolak ezin du ezabatu gizarte klasearen marka eta klase altuen hizkuntza beti gizarte klase baxukoena baino aberatsagoa izango “literarioagoa” delako. Beste hitzetan esanda, gizarte egitura asimetrikoa, berez, erreproduzitu egiten da arrakala soziala beheratzeko eginiko edozein saiakeraren gainetik. Ikuspegi honek, bada, ez dio aukerarik ematen gizarte klasista orekatzeko ahaleginei eta haren ezinbesteko iraupena aurreikusten du hiztunek erabilitako hizkuntza mota ikertu ondoren.

W. Labovek, aldiz, kontrakoa dio, hau da, Pensilvaniako beltzen ahozko hizkerak azterturik, haiek ohiko “hizkuntza estandarra”erabili ez arren oso hizkuntza sortzailea darabiltzatela aldarrikatzen du, hala morfosintaxian nola semantikan ere, eta aipatu “hizkuntza estandarra”baino aberatsagoa dela ihardetsi du.

Ildo honetatik, Ernest Psichanik (1854-1929) grekoren normalizazioaz sortutako “diglosia kontzeptua (hizkuntza berean bi azpi-aldaera bereiztu behar izana, hau da “katharevusa” edo goi-mailakoa eta “demotikoa” edo herritarra...) Fergusonek (1959) sakondu eta zabaldu zuen Diglosiaren Teoria Orokorra sortzeko arabieratik bertatik abiaturik; Fishmanek (1971) hizkuntz ukipen egoeretara aplikatu zuen non haietariko hizkuntza bati dagokion goi-mailakoa izatearena eta besteari (bestei) herri hizkera besterik ez izatea. Kasu guztietan, jakina, hizkuntzaren aldaera bakoitzak gizarte egituraren berri ere ematen duelarik.

Soziolinguistikak, hala ere, ezin izan du azaldu zergatik, adibidez, grekoan edota arabierarengan goi-mailako hizkuntzaren kaltetan inposatzen ari den eredua herritarra den (ahozkoa) eta Quebeceko frankofonoen artean zein Suitzako germanofoen artean, ostera, hizkuntza estandarra dugun gizarte mailan garaile (idatzizkoa)tokian tokiko erregistroak desagertze bidean dauden bitartean.

Garbi dagoena, aidanez, hauxe dugu: Fergusonek aurreikusitakoaren kontra hizkuntza jakin baten aldaerek ezin dutela iraun betiko. Aitzitik, aldaera haietariko bat izaten da gizarte mailan hobetsia eta, ondorioz, kultur ekoizpenerako erabilia.

Dudarik gabe, euskararen normalkuntza bidean hizkuntza “literarioa” hartua izan da zeregin honetarako. Hala eta guztiz, Txillardegik aldarrikatu arren, euskara batuak fonologia arloan ez du oraingoz proposamenik gizarteratu. Ahoskaritza mailan bederen hiztun bakoitza bere intuizioaren arabera ari da mintzatzen inoiz baino ahozkoagoa den mende honen euskal gizarte mediatikoan.

Lévi-Straussen diskurtsoa aintzindari harturik 4, Ieinuetako pentsaera mitikoa eta mintzaira garaikidearen artean inolako hierarkia onartzearen ordez (pentsaera basatia eta garatua bailiran) bitan ahozko hizkuntzaren esperientzia aurkitzen du beste motatako ikur-hizkuntzaren ondoan. Horrela, eta Mayri jarraituz5, hizkuntzaren garapenean hitz egitearen garrantzia azpimarratzen duen bitartean egun nolabaiteko mutazio antropologiko baten aurrean aurkitzen garela dio6. Benetako mentalitatearen iraultza baten aurrean, non erretorikak gizakiengana zuzentzeko hurbiltasun fisikoan oinarriturik zituen gizarte-ahalmenak egun inolako tarterik gabe munduko edozein hiritarrengana heltzeko erabiltzerik dituen. Beraz, aintzineko kulturetan ahozkaritza indartsua bazegoenetz zalantzan inork jarriko balu ere egun, horren begibistako ez izan arren, ahozkaritzaren indarra inoiz baino ahalmentsuagoa dugu. Gainera, teknologia garaikidearen eraginez haren ondorioak nonahi hedatzeko aukera dagoenez, ahozkoaren ikerketa dugu egungo gizarte-zientzietan funtsezko erronkarietako bat.

Txirritak zioen moduan:

Gazte denborak aldegin zidan allegatu zait zartzea,

hargatik nai det ez dakitenak abertentziyan jartzea...

ez dakienak ikasitzeko atentzioa jar beza

Hau dena ulertzen W.Labovek lagundu zigun, orain, berau hil berria, gure hizkeran bego...

1 HUDSON,R.A.( 1981) LA SOCIOLINGÜÍSTICA. Anagrama.

 

 

2 GUMPERZ.J. LANGUAGE IN SOCIALGROUPS. Stanford Univ.Press. 1971.

 

3 LABOV,W. SOCIOLÍNGUISTIC PATTERNS.Univ. of Pennsylvania.. 1972.

 

BERNSTEIN.B. (1971) CLASS, CODES AND CONTROL. Routledge-Kean Paul.

4 LÉVISTRAUSS. C.( 1962) LA PENSEÉ SAUVAGE. Plon.

5 MAYR, E.( 1963) ANIMAL SPECIES AND EVOLUTION. Harvard Univ. Press.

6 GOODY, J.( 1968) THE DOMESTICATION OF THE SAVAGE MIND. Cambridge Univ.Press.

 

Search